sábado, 16 de marzo de 2013

LEHEN URRATSA: VALLADOLID


Txapeldunen Liga, Europa, nora bidaiatu hurrengo urtean, Velaren eta Montanierren etorkizuna... garrantzi handi gaiak izan dira hizpide azken astean. Oraina ahaztu eta etorkizunera begira jarri da zale askoren burua. Baina, guztiek ba al dakite noren aurka jokatu behar duen Realak gaur? Bat baino gehiago Anoeta inguruan dagoenean konturatuko da Valladolid dela txuri-urdinen aurkaria. Irabaziz gero, Txapeldunen Ligako postuetan egingo dute lo donostiarrek, baina ez da omeni gauzak gehiegi aurreratzea. Bestela, esne-saltzailearena pasako zaio Realari, zenbat puntu pilatu, zer egin hurrengo urtean pentsatu, eta bidean tupust egin eta esnatu.

Jokatzeko partida polita da gaurkoa (16:00; C+L, GolT). Ilusioz gainezka dago Gipuzkoa. Ez da gutxiagorako. Gaur irabaziz gero, 47 punturekin, iazko puntuaketa berdinduko du Realak, hamar jardunaldiren faltan. Aurkariek zer egingo duten zain, laugarrena izango da, Txapeldunen Ligako postuetan. Atletico Madrilen aurkako garaipen bikainak animatu egin du jendea. Jende berria ekarri du Europara sailkatzeko federa. Sinetsita dago orain jendea. Bolada onak zaleak kutsatu ditu.

Itzuli bat atzera egitea nahikoa da umorea nola aldatu den ikusteko. Valladoliden jokaturiko partida horretan bina berdindu zuten bi taldeek. Realak, beste behin ere, ez zuen etxetik kanpo garaipena eskuratzerik izan, baina baikortasunerako zantzuak utzi zituen norgehiagoka hark. Griezmannek sekulako erakustaldia eman zuen erdian jokatuta, ordutik han jokatu ez badu ere. Ligako ustekabea zen garai hartan Djukicen Valladolid. Bi taldeek partida ona jokatu zuten astelehenez.

Ordutik hona, asko hobetu du taldeak. Edozeinen aurka lehiatzeko gai direla sinisten dute jokalariek orain, eta horren harira adierazpen esanguratsuak egin zituen Montanierrek prentsaurrekoan: «Aurkari bakoitzak eskatzen duenari beharrezko erantzuna emateko gai gara, eta edozein egoeratara molda gaitezke». Hori da egungo Reala. Txuri-urdinek badakite zertara jokatu eta nola. Baloi jabetzarekin gozatzen dute, erasoan azkar eta abil jokatuta golak sartzea da jokalarien xedea; baina defentsan erruz lan egiten dute guztiek. Azken bi partidak Realaren ahalmenaren erakusle garbiak dira. Eraso festa eroa izan zen Betisen aurkakoa; bi gol azpitik egon ondoren markagailua iraultzeko gai izan ziren txuri-urdinak. Atletico Madrilen aurka, berriz, defentsako lan txukunak ekarri zuen garaipena.

Aldaketa bat edo beste egin zalea da Montanier, gutxitan errepikatu du hamaikako bera bi partida jarraian. Chori Castro eta Ifranen lesioek eraginda, erasoko jokalari gutxi eraman zituen Madrilera. Aurkariaren maila ikusita, gainera, zelai erdia sendotzea erabaki zuen. Valladolid bestelako taldea da. Djukicen mutilek joko alaia gustuko dute, Realak bezala, eta ez dute madrildarrek bezalako zelai erdi eta defentsa. Horregatik, txuri-urdinek min handia egin dezakete, hegaletatik batez ere. Rukavina, eskuin atzeko hegalekoa, oso jokalari trebea da erasora begira, baina defentsan zailtasun gehiago dauzka. Balentziaga, txuri-urdin ohia, bestalde, ez da beste munduko ezer. Velak eta Griezmannek min egin dezakete hortik. Castro aste osoa min hartuta ibili ondoren, Agirretxe hamaikakora itzuliko dela pentsa liteke. Hori hala, Zurutuza joango litzateke aulkira.

Beste aldaketarik ez da espero. Pardok izan lezake hasieratik aritzeko aukera, baina ez da espero Montanierrek Bergara aulkian uztea. Oso maila txukuna ematen ari da elgoibartarra, eta harritzekoa litzateke teknikariak hura taldetik at uztea.

Aurkariari dagokionez, maila txukuna eman du orain arte Valladolidek. Sailkapenaren erdialdean dago, eroso, ez gora ez behera begira. Bigarren Mailatik igo berri den talde batentzako leku ona da. Are gehiago igo ziren beste bi taldeak gorriak ikusten ari direla ikusita. Talde orekatua antolatu du Djukicek, iaz zituen jokalari gehienak baliatuta. Oreka zenbakietan ere nabari daiteke; 35 gol sartu dituzte, bat gutxiago jaso. Realak bezain beste gol jaso ditu, esaterako. Etxetik kanpo, gainera, gol gutxien jaso dituen taldea da, Malagaren ondoren. Beraz, gaurkoa erraza izango dela uste duenak, jai dauka. Etxetik kanpo jokatu duen azken hiru partidetan emaitza onak izan ditu, bi berdinketa eta garaipen bat.

Hori gutxi balitz, Anoetan jokatu zuen azken partidan 1-3 irabazi zuen Pucelako taldeak. Beste garai batzuk ziren, hori bai. Valladoliden emaitza onen beste arrazoi bat, fitxaketekin egin duen lan onean datza. Ebert, Rukavina, Larsson eta beste batzuk etorri dira. Ebert alemaniarra izan da ezusteko handienetako bat. Abila bat-batekoan, gola du, erasokorra. Hurrengo urtean maila handiagoko talde batean joka dezakeela uste du batek baino gehiagok. Rukavina atzelaria ere espero zena baino maila hobea ematen ari da. Larsson neguko merkatuan iritsi da eta oraingoz ondo ari da. Dena den, ez Ebert, ezta Larsson ere, ez dira Anoetan ariko. Min hartuta daude bi jokalariak. Hori hala, Rama albaniarra edo Bueno edo Omar izan daitezke eskuin hegalekoa. Jokalari onak izanik ere, ez dute aurrekoen maila. Beraz, De la Bellak erasoan laguntzeko aukera izango du. Azkenik, kontuz ibili beharko dute Iñigo Martinezek eta Mikel Gonzalezek Manucho aurrelariarekin. Jokalari indartsua eta salto onekoa baita.

Hiru puntuko partida, besteak bezala, bai. Baina, sari bereziarekin. Aspaldiko partez, Realak Txapeldunen Ligan lo egin dezake; ez ametsetan bakarrik, laugarren postuan egongo baita. Baina, horretarako, urratsez urrats joan behar da. Eta Valladolid da lehen urratsa.

Deialdiak: 

Reala: Bravo, Zubikarai; Carlos Martinez, Estrada, Mikel Gonzalez, Ansotegi, Iñigo Martinez, De la Bella, Jose Angel; Zurutuza, Pardo, Markel, Illarramendi; Xabi Prieto, Vela, Agirretxe, Chori Castro eta Griezmann

Valladolid: Jaime, Dani; Rukavina, Sereno, Rueda, Peña, Balenziaga; Baraja, Alvaro Rubio, Sastre, Valiente, Rama, Neira, Bueno, Oscar, Omar; Guerra eta Manucho



No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS