domingo, 21 de abril de 2013

AURRERA JARRAITZEKO PUNTUA

Jakina zen, espero zen, eta azkenean hala izan da. Osasunari buruzko azterketa azkar bat eginda, edozeinek zekien nola jokatuko zuten gorritxoek, zein izango zen planteamendua, eta zer nolako zailtasunak eragin zitzakeen horrek txuri-urdinentzat. Baina ezin izan zen saihestu. Reala deseroso egon zen 90 minutuz, aurkari sendo eta grinatsu baten aurrean erasoko joko alaia egiteko aukerarik gabe. Hala, ia aukera garbirik egon ez zen norgehiagoka golik gabe amaitu zen. Txapeldunen Ligako borrokan aurrera jarraitzeko puntua, Valentziaren aurretik jarraitzeko. Hurrengo asteko norgehiagoka, erabakigarria izango da.

Hamabost jardunaldi zeramatzan Realak ligako partida bakoitzean gutxienez gol bat sartuta, baina Osasunaren aurka ez zuen atea zulatzerik izan, lehen itzulian Anoetan gertatu zen modu berean. Txuri-urdinek faltan bota zuten Asier Illarramendi, Markel Bergarak eta Gorka Elustondok ez zutelako lan ona egiterik izan, ez defentsan ezta ere erasoan. Puntu beharrean zen Reala, laugarren postua sendotzeko eta Valentzia puntu bakarrera edo bira nola hurbiltzen zen ez ikusteko. Baina, txuri-urdinek bezain besteko beharra zuen Osasunak, hainbat jardunaldi irabazi gabe ibili ondoren jaitsiera postuak asko gerturatu baitira. Asteleheneko norgehiagoka kontuan izan gabe, lau puntura dute jaitsiera gorritxoek orain.

Nafarren behar horren adierazle izan ziren lehenengo minutuak. Gogo handiagorekin zelairatu ziren, eta lehenengo lau minututan lau aldiz agertu zen Claudio Bravo, erdiraketak gelditzeko edo azkar aurrelariaren oinetara ateratzeko. Zelai erdian nagusitu nahi zutela ikusi zen berehala, eta Realaren helburua kontraerasoetara itxarotea zela. Osasunaren pase luzeak eta joko fisikoak aurreikusita, Cadamurok jokatu zuen ezker hegaleko atzelari gisa. Denboraldiko lehen partida zuen hasierako hamaikakoan eta txukun aritu zen, Alvaro Cejudorekin gehiegi sufritu gabe. Zazpigarren minutuan aukera garbia eduki zuen Osasunak, Emiliano Armenterosek Bravoren eskuin eskuadratik gertu bidalitako falta baten ondorioz.

Reala, baina, ez zen atzera geratu, eta erasora ateratzen denean arriskutsuak direla erakutsi zuen. Antoine Griezmannen jaurtiketa kornerrera urrundu zuen Andres Fernandezek hirugarren minutuan. Pase luze bat, Oier Sanjurjoren huts egitea eta driblin bat nahikoa izan ziren arriskua sortzeko. Hegaleko atzelari gisa jokatu zuen derbia Oierrek, eta dezente sufritu zuen Griezmannen aurrean. Dena dela, minutuak pasa ahala, hasierako bizitasuna baretzen joan zen, eta etxeko taldea nagusitu zen. Elustondok eta Markelek ezinean jarraitzen zuten, eta Raoul Loe, Francisco Silva eta Armenteros eroso zeuden. Presioa oso goran egiten zuten gorritxoek, txuri-urdinek baloia garbi ateratzea saihestuz. Euskarriek ez ezik, Carlos Martinezek eta Cadamurok sufritu zuten erasora jotzerakoan. Atzelarien pase luzeak berehala mozten zituen Osasunak.

Ezker hegaletik saiatu ziren batez ere etxekoak, Nano behin eta berriz gora joaten zelako. Erdiraketa ugari egin arren, Osasunak ez zuen etekinik atera horrelako jokaldietan, atzelariak oso sendo baitzeuden. Erasoan, agertzeko aukerarik gabe zeuden aurrelariak. Carlos Velak neka-neka eginda amaitu zuen, erabat ernegatuta. Aurreko norgehiagoka guztietan ez bezala, aurrera egiten zuen bakoitzean, huts egiten zuen Realak. Aukera gutxi izan arren, ez zituzten horiek baliatu. Velak birritan eduki zuen Andres Fernandez aurrean bakarrik geratzeko aukera, baina oraingoan jaurtiketa negargarriak egin zituen. Etxekoak nagusi ziren arren, aukera garbiena txuri-urdinek eduki zuten (23. min). Elustondok ateratako kornerra zutoinera bidali zuen Agirretxek, aldaratzea Xabi Prietori iritsi zitzaion, baina kapitainaren jaurtiketa era ikusgarrian urrundu zuen atezainak. Gola gertu eduki arren, ezin asmatu.

Partida trabatua eta geldoa izan bazen ere, ez zen gogorra izan lehen zatian, baina Mateu Lahoz epaileak protagonismoa hartu zuen zazpi txartel hori aterata, lau Realari eta hiru Osasunari: Mikel Gonzalez (10. min), Griezmann (18. min), Nano (22. min), Cadamuro (28. min), Vela (44. min) eta Alejandro Arribas (atsedenaldian). Frantziarrak ezin izango du Valentziaren aurka jokatu, txartel horien zikloa bete behar baitu. Gorritxoen atzelariak ukondokada bat protestatzegatik ikusi zuen txartel horia, eta Oierrekin ika-mika sutsua eduki zuen aldagelara bidean. Bigarren zatian txartel bakarra erakutsi zuen Lahozek, Oierri (83. min)

Lehen zatiaren amaiera txispa gabea eta aspergarria izan bazen, erabat desberdin hasi zen bigarrengoa. Hasi eta berehala penalti garbia egin zioten Iñigo Martinezi, baina epaileak ez zuen ezer adierazi. Flañok bi oinekin sarrera eginda lurrera nabarmen bota zuen ondarrutarra. Jokaldi hori ispiliatze bat izan zen soilik, beste hogei minutu pasa arte bi taldeetako inork ez zuelako aukerarik sortu. Osasunak baloiaren jabetza izan arren —%63 izatera iritsi zen—, Realak izan zuen hurrengo aukera ere, azkar eraikitako jokaldi bat Xabi Prietok bukatu zuen, baina oraingoan ere urrundu egin zuen atezainak. Hurrengo jokaldian Silvak izan zuen bere taldea aurretik jartzeko aukera, baina area kanpotik egindako jaurtiketa gutxigatik joan zen kanpora.

Zelai erdiko lehia galduta zegoela ikusita, erasoa sendotzen saiatu zen Montanier. Erabat desagertuta zegoen Elustondo kendu eta Chory Castro zelairatu zuen. Horrenbestez, Markel geratu zen pibote defentsibo bakar bezala, eta Xabi Prietok eta Griezmannek hartu zuten metro batzuk behera jo eta jokoa eraikitzeko ardura. Aldaketa egin eta berehala kontraeraso garbia egin zuen Realak. Presioari esker baloia lapurtu, Griezmannek ahrtu, Choryri pasa, baloia azkar eraman, Xabi Prietori pasa, Velarengaino ireki, eta mexikarraren erdiraketa-jaurtiketa kanpora joan zen. Hasieratik helburua horrelako jokaldaik antolatzea zen arren, 70. minutuan ikusi zen kontraeraso garbi bakarra.

Luzea egin zitzaion partida Osasunari, fisikoki puntu bat jaitsi zuenean. Orduan soilik nagusitu zen Reala, azken hamar minutuetan. Agirretxek lan bikaina egin zuen, eta jokaldiak sortu ez ezik, taldekideentzako aukera bikainak sortu zituen. 82. minutuan izan zuen garbiena. Galduta zirudien baloi bat lehiatu, lapurtu, eta Ifran atezainaren aurrean utzi zuen, baina atzelaria uruguaiarra baino azkarragoa izan zen. Beranduegi suspertu zen Reala, eta berdinketa ontzat ematea besterik ez du. Galdu gabe jarraitzen dute txuri-urdinek, bide onetik eta lan onari etekinak ateratzen. Hurrengo igandean, norgehiagoka erabakigarria izango dute. Valentziari irabaziz gero, aurrerapauso erraldoia egingo dute, valentziarrak bost puntura utziko baitituzte hamabost puntu jokoan daudenean. Bost puntu horiei gol-averagea gehituta, sei puntu lirateke. Bost partida falta, eta biko tartea.

Jokalari onenak:

3.- Imanol Agirretxe: Iaz hamar gol sartu ondoren, izugarri hazi da aurten. Denboraldi hasieran zalantza iturri izan ondoren, gutxik jartzen dute zalantzan dagoeneko usurbildarra. Gola gertu izan zuen lehen zatian korner bat burukatuta, baina jokaldi horregatik baino, egindako lan guztiagatik eta lehiatzeko eragatik izan zen txuri-urdinen jokalari onena.

2.- Liassine Cadamuro: Bederatzi minutu, hori besterik ez denboraldi osoan. Oso gutxi jokatu du aurten algeriarrak, eta derbi batean hasieratik aritzea ez da batere erraza. 20. minutuan gainera txartel horia ikusi zuen, horrek dakartzan zailtasunekin. Hala eta guztiz ere, partida txukuna jokatu zuen, eta noizbehinka erasoan lagundu zuen.

1.- Claudio Bravo: Lan handirik izan ez zuen arren, uneoro erakutsi zuen segurtasuna, eta ez zuen zalantzarik izan ateratzeko garaian. Atzelariei lasaitasuna ematen die horrelako atezain bat edukitzeak.


No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS