viernes, 5 de abril de 2013

IRITSI DA ORDUA

Hitz eta pitz jardun ondoren, zirt edo zart egiteko garaia iritsi da. Hitz egitea eta harropuztea oso erraza da. Jokalariek oinak lurrean eduki dituzte, eta tentuz ibili dira hedabideen aurrean mintzatu diren bakoitzean. Baina zaleak pozarren dira, airean gazteluak egiteko zimendu sendoak daudela konbentzituta. Lurrikara etorri daiteke, baina, hemeretzi partida eta gero huts egin eta gero. Benetako ordua iritsi da, Realak hurrengo denboraldian Txapeldunen Liga edo Europako Liga jokatu duen jakiteko eguna. Bederatzi jardunaldi falta direla, arerio zuzena jasoko du Realak Anoetan, Malaga (16:00). Irabazita, gertu egongo da helburua; galduta, arraunean jarraitu beharko dute txuri-urdinek.

Agerian dago norgehiagokaren garrantzia. Ez du zentzurik gogoeta luzeetan galtzerik. Anoeta bete egingo da, zaleek jokalariak hauspotuko dituzte lehen minututik azkeneraino; eta haiek ahalik eta hobekien erantzungo dute. Prest daude, lan eskerga egin dute orain arte, eta ez dute itsas bazterrean hondoratu nahi. Bolada onak ez du etenik izan behar. Malaga, gainera, burua beste leku batean duela iritsiko da. Asteazkenean partida zirraragarria jokatu zuen Borussia Dormunten aurka, Txapeldunen Ligako final laurdenetan. Husna berdindu zuten eta itzulikoan erabakiko da kanporaketa. Hurrengo astean jokatuko dute garrantzi handiko norgehiagoka hori; eta, beraz, baliteke indar erdia erabiltzea soilik. Horrek eragin dezake desoreka; ez baita berdina indar osoan, grinatsu, zaleak alaitu asmoz aritzea, edo burua helburua handiagoetan galdurik aritzea.

Bata edo beste gertatu, kontuz. Aurreko astean, antzeko atakan zen Malaga, eta aise menderatu zuen Rayo Vallecano (1-3). Kalitate handiko taldea da, atezainetik hasita -a ze partida egin zuen asteazkenean- Demichelis bezalako atzelari eskarmentudunetik pasa, eta zelai erdiko eta erasoko jokalariak banan banan ezagutu arte. Ziur aski, zalantza gutxi batzuk edukita, Realak baino talde hobea dute andaluziarrek. Zaila da ukatzea.

Gaur egun, dena den, inori ez diote beldurrik txuri-urdinek. Bartzelona garaitu dute eta Atletico Madril bere etxean irabazi duten talde bakarra da. San Mameseko azken partidan ere izugarrizko partida jokatu zuten. Ez da ez ahuntzaren gauerdiko eztula. Horregatik, ez da Malaga atzean itxarotearekin konformatuko; erasora joko du, beldur barik. Lotsagabe, mutiko gazte bat bezala.

Aurkariaren entitatea, baina ez da asteko buruhauste nagusia izan, min hartuta zeuden jokalariak baino. Batzuk iritsi dira, eta hasieratik jokatuko dutela espero da, baina beste bi kanpoan geratu dira. Bravok eta Velak ezin izan zuten Espanyolen aurkako berdinketan parte hartu. Aste osoa kili-kolo aritu dira, baina deialdian sartu ditu Montanierrek. Pentsa daitekeenez, hasieratik jokatuko dute biek ala biek. Bravok segurtasuna ematen du atepean, eta mexikarra taldeko jokalari garrantzitsuena da, goleatzaile nagusia eta goleko pase gehien eman dituena. Xabi Prieto kapitaina, berriz, kanpoan geratu da. Berebizko garrantzia du donostiarrak, baina harmailatik jarraitu beharko du norgehiagoka. Harekin batera, Chory ere kanpoan geratu da, osatu ezinik. Hilabete luze darama min hartuta uruguaiarrak.

Falta diren jokalariak ikusita, Edspanyolen aurkako antzeko taldea aukera dezake Montanierrek. Pare bat aldaketekin soilik. Xabi Prietoren lekuan Velak jokatuko du, eskuin hegalean, eta atean Bravo egongo da. Hala, Zurutuzak punta erdi lanak egiten jarraituko du, eta Markel izango du ondoan Illarramendik.

Ametsak amets, baloia mugimenduan jartzen denean Txapeldunen Ligako doinuko partida jokatuko dute Realak eta Malagak. Irabaztea garrantzitsua da, ez galtzea bezain beste. Atzean, Valentzia dago zain, zelatari, ea nork huts egin esperoan. Baina, Valentziak Anoetatik pasa behar du oraindik. Gal ala irabaz, Anoetak du Txapeldunen Ligarako giltza.


No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS