Kolpe latzenak jaso ondoren berriz ere altxatzean
datza handitasunak. Bizitza ez da samurra, ezta ere futbola. Sei muturreko
gogor jaso zituen Realak asteazkenean, oinazeak uzten dituzten horietakoa.
Belauniko geratu zen, buru makur, ubeldura ugarirekin. Egoera horri aurre
egiteko eta altxatzeko handia izan behar da, eta gauza bat izan behar da
guztiaren gainetik: Jarrera.
Nortasuna erakutsi zuen Realak Mestallan. Partida
serioa egin zuen oraingoan. Valentziaren ahuleziak ikusi, eta etekina ateratzen
saiatu zen. Zelaierdian ito zituzten aurkariak, eta hor hasi ziren hiru puntuak
irabazten. Pena da Aranburuk jada 32 urte izatea, urte askorako zelai erdia osa
zezakeelako Elustondorekin eta Zurutuzarekin. Montanierren iparrorratza da
harrobiko hiru jokalariak. Taldearen jokoari oreka ematen diote, defentsa lanak
erruz egiten dituzte, eta erasoa beraiek hasten dute.
Atzokoa, akaso ez zen partida borobila izan, baina
egin beharrekoa egin zuen Realak. Dir-dir egiteko badaude beste partida batzuk,
ez Ligako hirugarren sailkatuaren aurka jokatzen dena. Unai Emeryk errotazioak
egitea erabaki zuen, Victor Ruizi eta Jordi Albari atseden emanda; Roberto
Soldadoren faltarekin bat. Hala eta guztiz ere, hiru puntuen bila atera zen
Valentzia hasieratik. Ever Banega eta Dani Parejo jokoa antolatzen saiatu
ziren, eta Feghoulik min egin zuen bere hegaletik. Liassine Cadamuro etengabe
bilatu zuen etxeko taldeak, baina ezker hegalekoa txukun aritu zen. Argeliako
hautatzaileak begiz jo du, eta laster egin dezake debuta Afrikako
selekzioarekin.
Minutuak pasa ahala, Valentzia urduri jartzen hasi
zen Realaren presio ona gainditu ezinda. Zaleek ez zuten lagundu, bere taldea
arerio apal baten aurka berdintzen egotea ezin ulertuta. Horrela, Realak
urduritasuna gainetik kendu, eta erasoan saiatzeari ekin zion. Imanol
Agirretxek lan eskerga egin zuen, aurreko partidetan bezain fin aritu ez bazen
ere. Xabi Prietok hobera egin zuen, eta Dani Estradaren laguntza izan zuen. Ez
zuen aukera garbirik eduki Realak lehenengo zatian, baina Diego Alves
atezainaren inguruetara hurbildu zen.
Bigaren zatian martxa bat gehiago sartzen saiatu
zen Valentzia, hiru puntuak ez eskuratzea onargarria ez zela pentsatuta. Baina,
halako batean Antoine Griezmann agertu zen. Hiru laurdenetan baloia hartu, bi
jokalariren artean sartu, jaurtiki, haren erremateak Valentziako jokalari
batean eman, alboratzeak hankan aurrena eta gero nahigabe eskuan eman, berriz
ere jaurtiki, baloiak Valentziako jokalari berean eman, eta Alvesen gainetik
sartu zen barrura. Jokaldi arraroa, errebotez betea, baina gola; eta legezkoa,
Griezmannek nahi gabe eman ziolako baloiari. Ordu erdi baino gehiago geratzen
zen, eta argi zegoen etxeko taldea golaren bila joango zela. Bi pauso aurrera
eginda, erasoan saiatu zen Emeryren taldea. Baina Reala ez zen kikildu. Serio
ibili zen atzean, eta ez zuen asko sufritu. Claudio Bravok bizpahiru geldiketa
egin behar izan zituen soilik. Kontraerasoan, eta aurkariak utzitako hutsuneak
probestuz, aukera garbi batzuk izan zituen Realak, Agirretxeren eta Griezmannen
eskutik, baina ez ziren fin ibili.
Zorrak kitatu behar zituen Realak, eta
zauria oraindik irekita dagoen arren –denbora asko beharko du osatzeko-, hasi
da nolabait zorrak kitatzen. Sinbolismoz beteriko zauri bat itxi zuen gainera.
Mestalla zorigaiztoko zelaia da txuri-urdinen oroitzapenetan. 2007ko igande
ilun batean Reala Bigarren Mailara jaitsi zen valentziaren aurka galdu eta
gero. Atzoko garaipena nolabaiteko mendekua izan zen, duela bost urte malko
txuri-urdinak isuri zituzten horien omenez. Irribarrea txuri-urdinen
ezpainetara itzuli da, eta orain estatistikak lagun ditu berriz ere. Ligan
zazpi partida daramatza galdu gabe –hiru garaipen eta lau berdinketa-, eta
horrela jarraitzeko asmoa duela esan zuen Philippe Montanierrek
prentsaurrekoan. Igandeko partidak kontuan izan gabe, Europa lau puntura dago,
eta jaitsiera bostera. Egin irri!
Jokalari onenak:
3.- Antoine Griezmann: Zelaian hitz egitea erabaki
zuenetik, taldeko jokalari onena bihurtu da. Asko behar zuen Realak
frantziarraren talentua eta freskotasuna. Xabi Prietok bere txakalaldian
jarraitzen duen honetan, ezinbestekoa da Griezmannen ekarpena.
2.- Gorka Elustondo: Orain urte batzuetako
aurreikuspenak betetzen hasi da pixkanaka. Azken bi urteetan itxura kaskarra
eman ondoren, inork gutxi zuen konfiantza Beasaingo euskarriaren jardunarekin.
Baina kritiko guztiak isildu ditu. Baloia eskatzen du, gora igotzen da azken
pase bila. Finean, presentzia du.
1.- Mikel Aranburu: Reala Ligan zazpi partida
galdu gabe egotearen erantzule nagusietako bat da kapitaina. Zelaierdi sendoa
osatzen du Elustondorekin eta Zurutuzarekin. Beti ongi kolokatuta eta pase
errazak ematen. Bikain.
No hay comentarios:
Publicar un comentario