domingo, 4 de marzo de 2012

HARROTASUNA ETA MAITASUNA


Iritsi da eguna. Derbia. Denboraldiko partidarik preziatuena. Anoetako derbia berezia da, bikaina, baina San Mamesen jokatzeak beste puntu bat ematen dio lehiari. Ez dago aurkari nagusiaren etxean irabaztea bezalakorik. Harrotasun kontua da, Bilboko harrokeriaren aurka; kolore txuri-urdinekiko maitasuna. “Hemen gaude, eta Realeko jokalari/zale izatea munduko gauza politena da” Bilboko lau haizetara esatea da. Horregatik, jokalariek bihar 18:00etan (C+L, GolTV), kosk egitera atera behar dute, gladiadoreak baliran koliseoan, edo gudariak gudu-zelaian. Ez delako beste partida bat, eta ez direlako hiru puntu soil; harrotasuna eta maitasuna dira.

Harrotasuna, amorrua ematen baitu Asier Illarramendik partida jokatu ezingo duela jakiteak. Espainiako Kirol Diziplina Batzordeak ez ditu aintzat hartu Realaren eskariak, eta Mutrikuko erdilariak bi partidako zigorra bete beharko du. Amorrua, lehengo urtean Iker Muniani kautelazkoa eman ziotelako iazko derbirako. Baina, hori ezin da aldatu, eta berdin du, oztopoei aurre eginda lortutako garaipenak dira handienak. Gorka Elustondo ere ez da ariko, ez delako garaiz osatu, baina Markel Bergara, Mikel Aranburu, David Zurutuza eta Ruben Pardo daude. Realaren zelai erdia azken hilabeteetako berri pozgarriena da, aspaldi ikus ez den jokoa egiten ari baitira.

Zaleek Pardo titular moduan ikusi nahi dute, baina, baliteke derbian, San Mameseko presio itogarriaren aurrean, Phillipe Montanierrek Markeli ematea aukera. Elgoibarkoak eskarmentu gehiago du, eta teorian ez luke urduri jarri behar. Zelai erdiko jokalarien euste lana garrantzi bizikoa izango da, gainera, Athleticen sortze-lerroa geldiarazteko. Joko ona egiten ari dira Marcelo Bielsaren mutilak, eta Ander Herrerak, Oscar De Marcosek eta Javi Martinezek ezerezetik aukerak sor dezakete.

Defentsa lanetan zalantzak ditu Montanierrek. Liassine Cadamurok Aljeriako selekzioarekin lehen aldiz jokatu zuen asteazkenean, eta zaintiratu batekin itzuliko da. Jokalariak teknikariak telefono bidez lasaitu zituen, garrantzi gutxiko lesioa zuela. Dena den, ez dago argi jokatuko duen. Jokatzeko moduan ez badago, Alberto De la Bellak hartuko du bere lekua. Kataluniarra min hartuta ibili da, eta hamaikakoan zuen lekua galdu du. Jokatzen badu, gogo betez ariko da, postua berreskuratzeko. Erdian Iñigo Martinezek eta Mikel Gonzalezek lehia gogorra izango dute Fernando Llorenterekin eta punta erdi lanetan ari direnen etorrerekin. Joaneko partidan asko sufritu zuten Martinezek eta Demidovek errioxarrarekin. Lehen golean norvegiarrari aurre hartu zion, eta bigarrengoan Ondarroakoari. Ikasgaia ikasi badute, gertutik zainduko dute aurrelaria.

Arazoak ez dira hor amaitzen, Carlos Martinezek gainkarga bat du, eta bigarren astez jarraian deialditik kanpo geratu da. Hala, Estradak Muniain izango baitu ziurrenik aurrean. Zarauztarra defentsa lanetan baino, erasoan da iaioagoa, baina lan eskerga egin beharko du bere areatik gertu San Mamesen. Txantreako gaztea gainera sasoi betean dago Espainiako selekzioarekin debuta egin ondoren. Denboraldi ona egiten ari da, eta galoiak hartzeko beldurrik ez duela erakutsi du behin baino gehiagotan. 19 jokalari sartu ditu deialdian Montanierrek, tartean zazpi defentsa. Normalena atzelari bat deialditik at uztea izango litzateke, eta Demidovek eta Ansotegik dute horretarako aukera gehien.

Esan liteke gaur egun Athleticek Realak baino talde sendoagoa duela. Horregatik adorea erakutsi behar dute jokalariek San Mameseko zelaian. Hobeagoak badira, izan daitezela, baina ez dezatela gu baino kemen gehiagorekin jokatu. Adorea, eta maitasuna oztopoei aurre egiteko. Maitasuna, bai, mingarria egiten delako Bilboko isekak entzutea, baina horrek are realzaleago egiten gaituelako. Mingarria ere bada 2000-2001 denboralditik taldea San Mamesen irabazteko ezgai izan dela ikustea. Jaunkaukasen, De Pedron eta Idiakezen golei esker irabazi zuen Realak. Talde horretan Loren egungo Kirol zuzendaria eta Fuentes presidente ohia zeuden. Beste garai batzuk ziren. Baina, Iñigo Martinez, Griezmann, Aranburu eta enparauek ere merezi dute horrelako garaipen bat. Ez hainbeste gogoratzekoa, baina bai bide berri bati ekitekoa, San Mameseko lehoien aurrean otso izatekoa.

Athletic, olatuaren aparrean

Aurrean hazita dagoen taldea izango du Realak. Athletic olatuaren aparrean dago gaur egun, azken hilabetean izan dituen emaitza onei esker. Sasoi paregabean daude bizkaitarrak, eta dena berri onak dira A8ko bestaldean. Kopako finalera sailkatu dira finalerdietan Mirandes garaitu ondoren; Ligan, Europako Ligako postuetan daude, eta Txapeldunen Liga puntu bakarrera dute; Europan, Manchester United handiaren aurka jokatuko dute ostegunean Old Trafforden, Europa Ligako final-zortzirenetan.

Athleticek burua Manchesterren izatea ona da txuri-urdinentzat, derbya ia oharkabean iritsi delako Bilbora. Anoetan derbyrako ilarak egiten ziren bitartean, Bilbon Manchesterrerako ilarak egin zituzten. Halere, ez da komeni pentsatzea Athleticek ez duela partida irabazteko gogorik. Are gutxiago, derbya beti izango da derby, ostegunean Manchesterren izan ala ez. Jokalariak, horretaz jakitun derbyaren garrantzia nabarmentzeko adierazpenak egin dituzte azken egunetan. Baikortasunerako beste arrazoi bat ere badu Realak, Athleticeko bederatzi jokalarik jokatu baitute astean zehar selekzioarekin. Iraola, Munian, Javi Martinez eta Llorente Espainiako selekzioak deitu zituen, Amorebieta Venezuelakoak, eta De Marcos, Iturraspe, San Jose eta Herrera Espainiako 21 urte azpiko selekzioak. Beraz, jokalariek nekea nabaritu dezakete.

Neke hori eta partidak pilatzea izan daitezke Athleticen aurkari gogorrena. Marcelo Bielsak hamahiru-hamalau jokalari besterik ez ditu erabili, eta ez du errotaziorik egin, ez Ligan, ez Kopan, ez Europan. Hala, azkeneko partidak luzeegi egin zaizkie jokalariei. Azken minutuetan gol bat baino gehiago jaso dute, eta puntu garrantzitsuak galdu dituzte bidean. Muniainen parte hartzea zalantzan egongo da azken unera arte, min hartuta amaitu zuelako selekzioaren partida. Dena den, hasieratik ariko dela dirudi. Horrez gain, Iturraspek ez du jokatuko, bosgarren txartela ikusi baitzuen Vila-realen aurka. Bielsak, ziurrenik, Javi Martinez jarriko du bere postuan, eta atzelari gisa San Jose ariko da. Ez da aldaketa handirik espero.

Athletic bosgarren dagoen arren, atzera begiratzea komeni da. Lehenengo itzulian Realak eta Athleticek elkar ikusi zutenean, zuri-gorriak jaitsiera postuetan zeuden, partidarik irabazi gabe. Reala, berriz, eroso zegoen zazpi punturekin bederatzigarren postuan. Bielsa asmatu ezinik zebilen, eta lehenengo txistuak entzun zituen. Athleticek 1-2 irabazi zuen derbya, eta ordutik ez da gelditu. Bide zuzena aurkitu zuen Bielsak, eta apurka-apurka gora egin du taldeak. Itzuli oso bat igarota, txuri-urdinek baino lau puntu gehiago dituzte zuri-gorriek, eta begiz jo dute Txapeldunen Liga.

Deialdia:

Athletic: Iraizoz, Raul; Aurtenetxe, Amorebieta, Ekiza, Iraola, Koikili, San Jose; David Lopez, De Marcos, Herrera, Iñigo Perez, Javi Martinez, Susaeta; Ibai, Llorente, Muniain, Toquero

Reala: Bravo, Ramirez; Estrada, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, Demidov, Ansotegi, De la Bella, Cadamuro; Prieto, Markel, Pardo, Aranburu, Zurutuza, Griezmann; Llorente, Agirretxe, Ifran eta Vela

Epailea: Mateu Lahoz

No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS