Celtaren aurkako garaipenaren eta joko onaren ondoren, piztu da itxaropenaren zuzia. Denboraldi-aurrea ere itxaropentsua izan da, eta zaleak pozarren daude etorri diren fitxaketekin. Alaitasun horrek irudimena abian jarri du, eta Realak zerbait handia egin dezakeela uste du batek baino gehiagok. Baina horretarako azken denboraldietako gabezia bat findu beharko dute txuri-urdinek: etxetik kanpo irabaztea. Anoeta gotorleku bat izan daitekeela argi geratu da, baina orain beste gotorlekuak setiatzen hasi behar da. Horregatik, Realak Europako gailurrera benetan igo nahi badu, Mallorcaren aurkako partidatik (LaSexta, 22:00) hasi beharko du puntuak pilatzen.
Ez da erraza izango. Urtarrilaren 14ean irabazi zuten azkenekoz etxetik
kanpo; Valentziaren aurka 0-1 Griezmannen golarekin. Gainera, Iberostar zelaiak
ez dakartza oroitzapen onak. Espainiako Kopako kanporaketa oroitzeak mingarria
izaten jarraitzen du, eta Ligan ere galdu egin zuten txuri-urdinek. Atzerago
begiratzeak ere ez du laguntzen, Mallorcan jokaturiko azken 24 partidetatik
hiru irabaziz dituztelako soilik, eta zazpi berdindu. Hamalau aldiz itzuli
ziren esku hutsik. Kopako partida madarikatu horretako bi protagonista
—Zubikarai eta Chory Castro— ez dira biharko partidan izango, biak arazo
fisikoekin baitaude.
Celtaren aurkako garaipenaren aparretik jaitsita, eta Mallorcakoaz
ahaztuta, kirol arloz kanpoko gaiak nagusitu dira aste honetan Zubietan. Bayer
Munichek Javi Martinezen etete klausula ordaindu izanak, 40 milioi eurorekin
utzi du Athletic, eta horrek beldurra eragin du A8aren alde honetan. Ez da
Athletic Zubietara arrantza egitera etorri den lehen aldia, eta, tamalez, ez da
azkena izango. Iñigo Martinez, Pardo eta batez ere Griezmann izan dituzte
jomugan, ustez bere filosofian balizkoak diren hiru jokalari. Hirurek eman
dituzte prentsaurrekoak, eta zaleak baretu dituzte. Mezua berbera izan da:
“Etxean gaude, eta ez gara mugituko”. Badaezpada ere, frantziarraren kontratua
urtebetez luzatu du Realak, 2016raino, eta soldata nabarmen igo dio.
Asteko beste protagonista lesioak izan dira. Zurutuza eta Iñigo Martinez
bere sendatzearen azken txanpan daude, eta senda-agiriarekin bidaiatu dute
Mallorcara. Deialdia 19 jokalarikoa da eta litekeena da bietako bat izatea
deialditik at geratzen dena. Aurretik aipatutako Zubikarai eta Chory Castroz
gain kanpoan geratu dena Elustondo izan da. Ondarrutarraren ordez, Royo
harrobiko jokalariak bidaiatu du eta Beasaindarraren lekua Rosek bete du.
Uruguayarrak bigarren itzulira arte itxaron beharko du bere taldekide ohien
aurka jokatzeko.
Montanier errotazioen lagun izanik, ikusteke dago ze jokalarik jokatuko
duten bihar. Iñigo Martinez guztiz sendatuta baldin badago, Ansotegiren lekua
hartuko du. Gaur egun taldeak duen atzelaririk sendoena da Martinez, eta zaleek
faltan botatzen dute. Ezker hegalean De la Bellak jarraituko duela dirudi,
Celtaren aurka nahiko itxura ona eman ondoren. Zelai erditik aurrera datoz
zalantza guztiak. Griezmann euskarri lanetan ala hegaleko gisa? Zurutuzaren
lehen minutuak? Markel baloiak berreskuratzeko edo Illarramendi hobeto? Pardo
behingoz hasieratik? Ezustea, eta Ros?
Jarraitzaile txuri-urdinak entretenituta egongo dira behin-betiko
hamaikakoa jakin arte. Griezmannek hasieratik jokatuko duela dirudi. Sasoikoen
dagoen jokalaria da uneotan, eta luxu bat da hura aulkian egotea. Euskarri gisa
jokatzen badu, Prietok, Velak eta Agirretxe ariko dira erasoan; hegaleko bezala
ari bada, hiruetako bat eseriko du. Iaz etxetik kanpo Montanierrek egiten
zituen hamaikakoei begira, usurbildarra izan liteke kaltetua. Dena den, kontuan
hartzeko datua da Agirretxek Mallorcari iaz hiru gol sartu izana. Balizko
hamaikakoetan galtzeko adina aukera ditu Realak aurten.
Itxaropenaren ikurrina astinduz, hiru punturekin itzultzeko fedea du
taldeak. Denboraldia ondo hastea garrantzitsua izango da lan talde
gaztearentzat. Bartzelonaren aurkakoa ahaztuta, geraldiaren aurretik bigarren
garaipena lortzea ona litzateke. Anoetako hurrengo partida Zaragozaren aurka
izango da, eta gero Valentzia aldera bidaiatuko du taldeak Levanteren aurka
jokatzeko. Puntuak pilatzen jarraitzeko partida aproposak izan daitezke.
Dinamika onean hasteak presioa kenduko lieke gaztetxoei, eta presiorik gabe
beren maila onena emango lukete.
Caparrosen oreka
Baina airean gazteluak eraikitzen hasi aurretik, lehen urratsa Mallorcaren
aurka jokatzea da. Ez da partida erraza izango. Caparrosek urtebete darama jada
uhartean, eta hobeto ezagutzen ditu bere jokalariak. Horrez gain fitxaketa onak
egin ditu udako merkatuan.
Talde sendoa eraiki du, deserosoa, jokalari beteranoak gaztetxoekin
tartekatuta. 4-4-2 taktikarekin jokatzen jarraitzen du Caparrosek, eta presio
itogarri baten bitartez aurkariak ernegatzen saiatzen da. Atean eskarmentu
handiko atezaina du: Aouate. Gaztetasun eta eskarmentuaren arteko oreka
hegaletan ikus daiteke. Eskuinean Ximo Navarro gazteak jokatzen du, eta
ezkerrean, Atletico Madrileko kapitain ohi Antonio Lopezek. Erdiko atzelarietan
Nunesek hamabi urte ateratzen dizkio Bigasi. Geromel eta Coincencao
brasildarrek gogor entrenatu beharko dute Bigasi lekua kentzeko.
Postuz postu sortu du oreka Caparrosek. Zelai erdian kalitatea Javi
Marquezek jartzen du, eta, lana, Pinak. Bietako bat falta bada, hor dago Marti
beteranoa laguntza emateko. Eskuin hegalean Realen urtebete ibili zen Nsue ari
da eta ezkerrean Pereirak bete du Chory Castroren hutsunea. Bi jokalariak
abilak dira, indartsuak, eta erne ibili beharko dute atzelariek. Erasoan
Realeko beste ezagun batek jokatzen du: Victor Casadesus. Baina atzelariek hobe
dute Casadesus ez ezik, Hemed ere gertutik jarraitu. Bi partidatan hiru gol
sartu ditu, sasoiko dago, eta bere bolada ona mantentzen saiatuko da
israeldarra.
Geromel, Conceiçao, Antonio Lopez, Javi Marquez eta aipatu gabeko Arizmendi
—min hartuta dago— boskotearen gain, Giovani Dos Santos mexikarra fitxatu dute
azken unean. Milioi bat euro inguru ordainduta ekarri du Ingalaterratik bueltan
Mallorcak, fitxaketa ona eta errentagarria ziurrenik. Dena den, ez da Realaren
aurkako deialdian sartu. Azken unera arte Zigicen atzetik ibili ziren, baina
serbiarrak Birmingham taldearekin izandako arazoak medio, etorri barik geratu
da azkenean.
Deialdiak:
Reala: Bravo, Royo; Estrada, Mikel Gonzalez, Ansotegi, Iñigo Martinez, Cadamuro,
De la Bella, Jose Angel; Markel, Illarramendi, Pardo, Zurutuza, Ros; Griezmann,
Xabi Prieto, Vela, Agirretxe eta Ifran.
Mallorca: Aouate, Miño; Antonio Lopez, Nunes, Conceiçao,
Geromel, Ximo, Bigas; Charlie Took, Joao, Pina, Pereira, Nsue, Javi Marquez,
Marti; Alfaro, Marc Fernandez, Victor eta Hemed
No hay comentarios:
Publicar un comentario