miércoles, 28 de noviembre de 2012

BETIKO LOTSA BESTE BEHIN ERE

Jada ez da albiste. Reala Espainiako Kopatik at geratu da lehiaketa hasi bezain pronto. Berriro. Negar egiteko modukoa da. Bigarren Mailako Kordobak kanporatu du oraingoan, Hospitalet, Beasain eta abarren oinordeko bihurtuta. Joaneko partidan kaskar aritu ziren donostiarrak, penagarri, eta 2-0 galdu zuten arerio ahulago baten aurka. Europako talde handienen mailan jarri zituzten zuriz eta berdez janzten den taldea. Itzulikoan Reala ez zen kanporaketa iraultzeko gai izan. Egingo dituzte nahi adina bideo eta adierazpen, baina partida zelaian irabazi behar da, eta enegarrenez huts egin dute donostiarrek.

Diotenez, behin batean Realaren lehiaketa kuttuna zen Kopa, kanporaketa itzelak ikusten ziren Atotxa zaharrean, eta zirrararen sinonimo zen lehiaketa. Diotenez ere birritan irabazi zuen txapelketa. Estatistikek diotenez, behintzat. Aspaldi ezeztatu baitzen ilusioaren azken arrastoa. Eta zerbait gelditzen bazen, iaz Mallorcan barregarri geratu ondoren desagertu zen arrasto oro. Aspaldi bihurtu zen madarikatu Kopa.

Harira. 17.000 bat ikusle joan ziren Anoetara mirarian sinistuta. Montanierrek hamaikako lehiakorra ipini zuen, gutxi gora behera zale gehienen gogokoa. Atean Zubikarairi eman zion aukera, hegaletan Jose Angel eta Estrada; atzeko bikote titularra, euskarri gisa Illarramendi eta Pardo jarri zituen, talentua; eta erasoan Zurutuza, Griezmann, Chory eta Agirretxe. Bigarren Mailako talde bat irabazteko aski ziurrenik. Baina joaneko partidako handicapa zuten txuri-urdinek. Aurkariak baino hiru gol gehiago sartu behar zuten, eta 2-0ekoarekin luzapenera joango liratekeen.

Hala, partidaren bila joan zen Reala, eta Kordobak atzean txukun jarrita itxaron zuen. Lehenengo zati osoa txuri-urdinen bakarrizketa izan zen. Baloia lapurtu eta eraso egin. Eraso egin eta huts egin. Behin eta berriro horrela. Apurka-apurka zaleak ilusionatzen hasi ziren. Apurtuko al zen madarikazioa? Golak behar horretarako. Eta Griezmannek ireki zuen atea, 20. minutuan. Eromena harmailetan, posible zen sailkatzea. Areago aurretik Agirretxek eta Pardok izandako aukerak ikusita. Gertu zegoen bigarrena.

Dena den, golak Kordoba suspertu zuen. Soilik atzean geratuta etxera esku hutsik itzuliko zirela ikusi zuten. Presioa hainbat metro aurreratu zuten, eta defentsa lerroak ere nabarmen egin zuen gora. Defentsarena abantaila zen Realarentzat, baina goiko presioa txuri-urdinak itotzen hasi zen. Minutu batzutan Zubikarairengandik gertuago zen baloia Saizarrengandik baino. Orduan jabetu ginen Ondarruko atezainaren urduritasunaz. Irteera batzuetan huts egin zuen, ukabilez baloia gaizki jota, kontrol errazak erratu zituen, eta sustoren bat jaso zuen. Lehen zatiko azken minutuetan erasoan agertu zen berriro Reala, Kordobak lotsagabe denbora galtzen zuen bitartean. Choryk bi aukera garbi izan zituen. Lehena, Ayza Gamez epaileak baliogabetua, Zurutuzari egindako falta bat adierazi eta abantailaren legea bertan behera utzita. Bakarrik zihoan Chory. Bigarrengoan, Saizarrek kornerrera aldendu zuen baloia.

Aldageletarako bidea hartu zutenean, itxaropena nabari zen harmailetan. Hala jarraituz gero, eraso egitearen poderioz iritsiko zen gola, lehenago edo beranduago. Eta bigarrenak hirugarrena ekar zatekeen. Urrutiko intxaurrak hamalau. Ondo hasi zuen Realak bigarren zatia, Kordoba bere areara baztertuz. Baina minutuak pasa ahala eta Kordobako atezainak geldiketak egin ahala, urduritasuna jabetu zen jokalarietaz. Estrada eta Jose Angel defenditzeaz ahaztu ziren, Mikel Gonzalez aurrelari gisa zebilen jokaldi askotan, bi euskarriak goregi zeuden. Arriskatu egin behar zen eta itsutu egin ziren jokalariak. Aldeko korner bakoitza sufrikarioa zen, kontraerasoan ateratzen baitzen Kordoba. Bigarren gola gertu zegoen, baina Kordobak gola sartuz gero, akabo. Tamalez, andaluziarrek txuri-urdinek baino zorte gehiago eduki zuten. Falta inozo bat ondo atera eta gola. Kitto. C’est finni. Geldikako jokaldian, 70 minutu pikutara.

Kordobak bost minutu geroago akabatu zuen hilzorian zen aurkaria. Beste kontraeraso bat eta gola. Zaleek ez zuten ezta txistu egiteko gogorik eta askok alde egin zuten Anoetatik. Hogei minututan lau gol sartu behar zituzten txuri-urdinek, baina zeharo burumakur zeuden. Iritsi zen Agirretxeren gola, baina beranduegi zen. Joaneko partidan galdu zuen kanporaketa Realak. Zaila zen itzulerako erronka, baina jokalariek ez zuten behar bezalako maila eskaini.

Beste urte betez telebistan jarraitu beharko dute txuri-urdinek Kopa. Hurrengo urtean itxaropena salduko digute berriro, baina amaieran kazetariek horrelako kronikak idazten jarraituko dute. Harrotasun kontua da, baina, dirudienez, ez dago horrelakorik Zubieta aldean. Tristea.


No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS