sábado, 15 de diciembre de 2012

GAILURRERA BIDEAN, ALHAMBRA


Etxetik kanpo hiru partida jarraian daramatza Realak galdu gabe. Azken bi norgehiagokak irabazi ditu; oso maila onean jokatuta, gainera. Orain arte etxetik kanpo puntuak pilatzea lan nekeza izan den arren, egoera iraultzeko gai izan dira txuri-urdinak, eta Anoetatik urrutiko bolada ona mantendu nahi dute Granadaren aurka (20:00; C+Liga, GolT). Gora begira dago taldea, Europako Liga izenez ezagutzen den gailurrari so. Oinarrizko kanpamentura ongi eta bizirik iritsi da, eta aurreko astean girora moldatzeko pauso sakona eman zuen Getaferen aurka azken minutuan arnasa hartu ondoren. Urtea amaitu aurretik, bi etapatan —Granada eta Sevilla—gailurrera igotzeko saiakera egin nahi du Realak.

Baina gailurrera igotzeko, infernura jaitsi behar dute lehenik donostiarrek. Galtzak jaso eta besoko mahuka bildu; lokazteko beldurrik ez izan. Bero dago giroa Granadan. Bizi-bizi dago sua, eta Los Carmeneseko akelarrean Juan Antonio Anquela erre nahi dute. Hamahiru punturekin, jaitsiera postuetan murgildu dira andaluziarrak. Denboraldi lasaia eta itxaropentsua edukitzeko asmoa zuten arren, zuloan sartu dira; eta okerrena, ez dirudite gai zulotik ateratzeko. Gaizki jokatzen ari da Granada, distirarik gabe; eta jada Bigarren Mailara jaisteko kiniela gehienetan ikus daiteke bere izena, lehen itzulia amaitu gabe dagoen arren. Entrenatzailea dago kritika ia guztien jomugan, hura jo dute sua piztu izanaren erantzule gisa. Prentsaren aurrean izandako ika-mika bortitzek ez dute batere lagundu. Itsasontziaren kapitainak hanka eta erdi du kareletik kanpo.

Egoera horren aurrean, sutea elikatzeko erregai gehiago bota gura du Realak. Baina ez da erraza izango. Zorigaiztoko oroitzapenak dakartza Granadaren zelaiak. Bi muturreko galant jaso zituen iaz taldeak. Lehena, Kopan, kanporaketan aurrera egin arren jipoia jaso baitzuten. Bigarrena, are muturreko ozenagoa. Asier Illarramendik atsedenaldiaren aurretik ikusitako txartel gorri polemikoak garbi baldintzaturiko partidan, 4-1 galdu zuten txuri-urdinek. Galanta astindua. Jokalari bat baino gehiago gogoratu da iazkoaz, eta mendeku hitza behin baino gehiagotan errepikatu dute.

Baina “mendekuaz” gainetik, zuhurtziaz mintzatu dira txuri-urdinek. Partida atariko prentsaurrekoan lasaitasuna eskatu zuen Philippe Montanierrek, helburua “salbatzea” dela azpimarratu zuen, eta xedea “45 puntu eskuratzea oraindik urrun” dagoela ebatzi zuen zuzenean. Azken bolada onak sortutako euforia baretzeko hitzak izan ziren. Izan ere, Granadakoaren aurkakoa ez da erraza izango. Sailkapenaz fio dena erraturik dago. Reala Granada baino gehiago da, eta ondo bidean hiru puntuek Donostiarako norabidea hartu beharko lukete, baina jokatu aurretik ezin da puntu ametsetan hasi. Andaluziarrak aurkari deserosoak dira. Partida trabatu eta apurtua bilatuko dute.

Zelai erdian jokoa suntsitzen saiatuko dira Iriney eta Mikel Rico. Illarramendi, Pardo, Zurutuza eta besteen jokoa desegiten ahaleginduko dira andaluziarrak, norgehiagoka beren aldera mugitzeko. Atzean itxi, defentsa lerroak atzeratu eta ahal denean kontraerasoan atera. Horrela jokatzeko jokalari aproposak dituzte Anquelaren jokalariek. Atzelariak nahiko motelak dira, baina altuak eta sendoak. Lerroak aurreratuta asko sufrituko lukete Ifran, Vela edo Griezmannen abiadurarekin; baina atzean sartuta, errazago moldatuko lirateke, batez ere goitik etor daitezkeen erdiraketa guztietan; hor txuri-urdinen aurrelariak baino gehiago baitira. Perfil desberdina duen atzelari bakarra Siqueira ezker hegalekoa da. Talde handiagoen agendan dago brasildarra. Kontraerasorako, berriz, guztiz kontrakoa; jokalari azkarrak eta abilak ditu Anquelak goran. Dani Benitez, Torje eta El-Arabi —Granadaren inoizko fitxaketa garestiena— partida desorekatzeko gai dira.

Behin Granadaren egoera aletuta, hel diezaiogun Realari. Aldaketa bakarra egin du Montanierrek deialdian. Zigorra beteta, Vela deialdira itzuli da, eta Ros geratu da kanpoan. Elustondok beste astebete, gutxienez, itxaron beharko du aulkian esertzeko. Cadamurok eta Markelek min hartuta jarraitzen dute. Hala, hamaikakoan ere ez da aldaketa askorik espero. Mexikarra eskuin hegalera itzuliko da, eta ziurrenik Chory Castro ordezkatuko du. Dena den, Griezmannek maila txarra eman du azken bi partidetan, eta ez litzateke harritzekoa izango hari atseden ematea. Zelai erdian bi zalantza daude: punta erdi lanetan Prietko edo Zurutuzak jokatuko ote du? Eta Illarramendiren bikotea euskarrian? Pardo edo Zurutuza.

Malagari eta Valentziari irabazi ondoren, hirugarrena erreskadan lor dezake Realak. Talde erasokorra eta planteamendu ausarta erabili zuen Montanierrek bi partidetan. Teorian txuri-urdinak baino hamaikako hobea zuten bi aurkariek, baina donostiarrei jokatzen utzi zioten, eta buztana hankartean zutela amaitu zuten. Granadaren aurkako partida desberdina izango da, andaluziarrek ez baitiote zelai erdian jokatzen utziko txuri-urdinei. Azken jardunaldietan ikusi denez, Realak gehiago sufritzen du halako taldeen aurka jokatzen duenean. Rayori 4-0 irabazi ondoren, Osasunari bost edo sei sartuko zizkiola zirudien. Hutsean amaitu zen partida hura. Malaga eta Valentziaren aurkakoaren ondoren, kontuak gaizki atera daitezke gehiegi fidatuz gero. Gogoa eta borroka eskainiz gero, hau da: lehiatuz gero, irabazle atera daitezke txuri-urdinak. Valentzia txikitu ondoren, Pellegrinoren borrero izan ziren donostiarrak. Bi jardunaldi beranduago, Anquelak duk urka-bilurra lepoan. Urkaitzaile izango ote al da berriro? Kontuz, Michel eta Oltra!

Deialdiak:

Reala: Bravo, Zubikarai; Carlos Martinez, Estrada, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, Ansotegi, De la Bella, Jose Angel; Pardo, Illarramendi, Zurutuza; Prieto, Vela, Griezmann, Chory Castro, Ifran eta Agirretxe

Granada: Toño, Roberto; Juanma Ortiz, Diakhate, Iñigo, Mainz, Siqueira, Brayan Angulo, Nyom; Brahimi, Mikel Rico, Yebda, Iriney, Torje, Jaime Romero, Dani Benitez; El-Arabi, Ighalo eta Machis


No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS