Zelai erdian zituen arazoak kontuan hartuta, hamaikako ausart eta erasokorra atera zuen Montanierrek. Illarramendi, azkenean, aulkian geratu zen, min hartuta ibiltzeaz gain, gastroenteritisa jota baitzebilen. Hala, Zurutuzak eta Pardok hartu zuten zelai erdian eraikitzeko ardura. Momentu askotan ikusi zen Zurutuza justu erdiko atzelarien aurrean, Real Madrileko punta erdiak gelditzen. Lehen zatian, batez ere, lan eskerga egin zuen, batez ere defentsan.
Jokalari bat gehiagorekin, Realak hartu zuen baloiaren jabetza, eta Real Madril atzean sartu zen, kontraerasoan ateratzeko prest. Jokalariek ez zuten beren buruengan sinistu, eta aukera bikaina galdu zuten. Berdindu eta bi minutura Carvalhok pase txarra eman zion Casillasi, Ifranek gogor egin zuen presioa eta atezainak gaizki urrundu zuen, Prietori emanez baloia. Donostiarrak kanpora bidali zuen baloia atea hutsik zegoen arren. Gol horrek jota utziko zuen etxeko taldea.
Eroso zegoen Reala baloiarekin. Pardok eta Zurutuzak aginte makila hartu zuten, eta ezker hegalera kargatu zuten jokoa, Essienen sorbalda bilatzeko asmoarekin, baina afrikarra sendo ibili zen eta Griezmann gris aritu zen hari iskin egiten saiatu zen bakoitzean. Eskuin hegaletik gutxiago ibili arren, Arbeloak gehiago sufritu zuen Prietorekin eta Velarekin. Baloiaren jabetza bai, baina etekina ateratzea falta zitzaien txuri-urdinei. Eta Bernabeun barkatzen hasiz gero... Pazientziarekin jokatu zuten donostiarrek, baloia mugitu eta aurkaria nekatzeko eta ernegatzeko asmoarekin. Baina Real Madrilek baloia berreskuratzen zuen bakoitzean kontraerasoan min asko egiten zuten. Dani Estradak, Mikel Gonzalezek eta Iñigo Martinezek txartel horia ikusi zuten berehala. Erdiko bi atzelariek bosgarren txartela ikusi dute eta ezingo dute Deportivoren aurka jokatu. Liassine Cadamuro Afrikako Kopan dago eta Ansotegi da lehen taldeko atzelari bakarra. Elustondok, Etxabegurenek edo Gaztañagak jokatu beharko dute Berriatuako atzelariarekin batera.
Real Madril noraezean zebilen, galduta, baina Realak baino hobeago da erasoan, eta ez zuten barkatu beren aukeretan. Khedirak aurretik jarri zuen etxeko taldea korner baten ondoren sortutako jokaldi batean orpoz baloia sareetara bidaliz. Ez da Realak geldikako jokaldietan sufritzen duen lehen aldia. Real Madrilen golak, baina, txuri-urdinak esnatu zituen, aurreko golak bezala. Bost minutu geroago binakoa sartu zuen berriro Xabi Prietok. Velaren jaurtiketak Xabi Alonsoren hankan jo zuen eta baloia Prietori iritsi zitzaion bigarren gola egiteko. Atsedenaldiaren aurretik etxekoek hirugarrena gertu eduki zuten, Benzemak zutoinera bidali baitzuen baloia, eta aldaratzea, jokoz kanpo bazegoen ere, Khedirak kanpora bidali zuen ate guztia beretzat zuenean. Lehen zati guztia bat gehiagorekin jokatu arren, orekatuta amaitu ziren lehenengo 45 minutuak.
Orekatua hasi zen ere bigarren zatia. Gero eta gutxiago nabari zen bi taldeen artean zegoen aldea. Lehenengo zatian Pardo eta Zurutuza bikain aritu baziren eta Ifran, Vela eta Griezmannen presioak min asko egin bazuen ere, beste aurpegi batekin hasi zen Reala bigarren zatian. Khedira eta Alonso jaun eta jabe egin ziren zelai erdian eta joan-itzuliko partida proposatu zuten. Reala, zelai erdirik gabe, defentsan ahal zuen bezala ibili eta erasoan noizbehinka azaltzeari ekin zion. Montanierrek Ifran kendu zuen —erabat desagertua— eta Chory sartu. Vela ‘9’ gisa jarri zuen, erasoko jokalarien mugikortasunarekin Carvalho eta Varane bere lekutik ateratzeko asmoz.
Baina Cristiano Ronaldo azaldu zen. Portugaldarrak lehendabizikoz jokatu zuen kapitain gisa hasieratik eta gola bila eta bila ari zen, antsietate handiarekin. Zelai erdian zegoen zuloa ederki probestu zuen Benzemak. Zurutuza oso otzan ibili zen, eta frantziarrak baloia kendu zion, Cristianori pase bikaina emanez. Estrada Zurutuza bezain otzan aritu zen portugaldarrarekin eta hark hirugarrena sartu zuen. Hiru minutu geroago, laugarrena sartu zuen Ronaldok. Mikel Gonzalezek area ertzean egindako falta bat indar osoz jo zuen eta Bravok huts handia egin zuen. Eskuetara joan zitzaion baloia, baina ez zuen indarrik egin eta baloia barrura joan zen atezainaren lotsa eta harridurarako. Partida osoa jokalari bat gutxiagorekin jokatu arren, lau gol sartu zituen Real Madrilek eta bi gol aurretik zen. Ihes egiten ari zitzaion partida Realari.
Baina lehen zatian bezala, aurkarien golak esnatu zituen txuri-urdinak. Cristianok laugarren gola sartu eta bost minutura, Prietok hat-tricka sartu zuen. Pase bikain bat Carvalho eta Arbeloaren artean jaso eta beste zutoinera bota zuen donostiarrak. Gutxitan ikusten da aurkaria Bernabeun hiru gol sartzen, baina Prietok jada zazpi gol sartu ditu Real Madrilen zelaian, inork baino gehiago. Partida bikaina egin zuen Prietok, baina ez zen aski izan. Are gehiago zaildu zen partida 80. minutuan, Estradak txartel gorria ikusi zuenean. Egia da Real Madrilek partida guztia jokatu zuela jokalari bat gutxiagorekin, baina Realak zazpi txartel hori ikusi zituen hamalau falta eginda. Kontuan izatekoa. Jokalari bat gehiagorekin irabazteko gai ez baziren, zer esan hamar jokalarirekin. Azken hamar minututan hiruzpalau aukera garbi eduki zituzten merengeek, eta Reala ozta-ozta iritsi zen Casillasen area ingurura. 4-3 azkenean; eta egundoko aukera galdua. Gutxitan izango ditu Realak horrelako erraztasunak Santiago Bernabeun!
Madrilgo partidak gainera eragin zuzena du hurrengo jardunaldiarekin. Realak Deportivo hartuko du. Galiziarrak sailkapenaren zuloan dira, jaitsiera postuetan. Gabonetan Oltra entrenatzailea bota eta Paciencia portugaldarra fitxatu zuten. Larunbatean 1-0 irabazi zioten Malagari. Estradak, Mikel Gonzalezek eta Iñigo Martinezek ezingo dute jokatu, zigortuta baitaude. Hala, Carlos Martinez garaiz osatzea espero da, baina erdiko atzelari moduan jokatzeko Ansotegi dago soilik, Cadamuro Algeriako selekzioarekin baitago. Montanierrek harrobiko atzelariren bat jarri edo Elustondo atzeratu beharko du. Bigarren taldeko norbait deitzekotan, Etxabegurenek edo Gaztañagak dute aukera gehien. Real Madrilen aurkako porrotak, gainera, 2012ko bolada ona eten du. Zazpi partida galdu gabe egon eta gero, ikusi beharko da nola erantzuten duen taldeak. Europari begira jarraitzeko, ezinbestekoa da Deportivo garaitzea.
Jokalari onenak:
3.- Xabi Prieto: Hat-tricka Santiago Bernabeun, ez dago askoz gehiago esan beharrik. Inork ez du berak bezain beste gol —7— sartu han. Partida ona jokatu zuen, iraganeko Xabi Prietoren zertzeladak erakutsita.
2.- Carlos Vela: Aurreko partidetan baino ilunago aritu zen, grisago. Baina Real Madrileko atzelariak aurrean izanda, ulertzekoa da. Penaltya eta txartel gorria probokatu zuen eta bigarren golean hark eman zion azken pasea Prietori. Handia.
1.- David Zurutuza: Bigarren zatian desagertuta egon arren, lehenengo zatian erakustaldia eman zuen. Defentsan sendo eta erasoan ahal zuenean laguntzen. Kilometro ugari egin zituen eta beti zegoen behar zuten lekuan. Bigarren zatian zeharko akituta zegoen, eta apur bat galdurik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario