domingo, 13 de enero de 2013

LEHEN ITZULIA ONDO IXTERA

Aspaldiko partez, eta Euskal selekzioaren partida alde batera utzita, futbola itzuliko da Anoetara. Urrun da Sevillaren aurka San Tomas bezperako garaipena. Hiru aste futbolik gabe, eta gose dira zaleak. Lehen itzulia ixteko Deportivo hartuko du Realak, igandean (17:00, Gipuzkoa Sport 95.9FM). Irabazi eta lehen itzulia 28 punturekin amaitzea da erronka, Europari begira jarraitu ahal izateko. Galiziarrek, berriz, jaitsiera postuetatik atera nahi dute.

Gaizki hasi du urtea Realak, Real Madrilen aurkako porrot mingarriarekin. Ondorioak utzi ditu gainera pasa den astekoak. Larunbat gauetan ETB1en Ligako futbol partidak ematen zituzten garaiko esatarien esanak gogora ekarriz: “orain komeriak, Juanan”. Komeriak, Realan ezingo baitute Iñigo Martinezek, Mikel Gonzalezek eta Estradak jokatu. Bravo eta Carlos Martinez ozta-ozta iritsi dira gainera. Atezaina uste baino azkarrago osatu da, eta atepean egongo da azkenean. Lodosako hegaleko atzelaria ez dago osasun betean, baina jokatu egin beharko du.

Hala, erdiko zuloa da nabarmenena. Erdiko bi atzelari titularrek bosgarren txartel horia ikusi zuten Santiago Bernabeun eta Cadamuro Afrikan dago Algeriako selekzioarekin kontzentratuta Afrikako Kopa jokatzeko. Gauzak horrela, Ansotegi da lehen taldeko erdiko atzelari bakarra. Elustondo izango du alboan. Ez da Beasaingoa atzeko lerroan jartzen den lehen aldia. Iaz ere, Malagaren aurka, atzelari gisa jokatu zuen, itxura txukuna emanez, baina ez da bere lekua, euskarria baita. Gainera, ia denboraldi osoa geldirik egon da, eta aurreko astean jokatu zituen lehen minutuak. Oraindik ez du 90 minutu sasoi betean jokatzeko adina erritmorik, eta garesti ordain dezake partida amaiera aldera.

Montanierrek harrobiko jokalari bat dei dezake hutsunea betetzeko, eta bi izen ditu horretarako: Etxabeguren eta Gaztañaga. Lehenak izango lituzke aukera gehiago, maila ona ematen ari baita bigarren taldean. Andoaindarrak, berriz, aurre-denboraldi bat baino gehiago egin du lehen taldearekin, baina bere progresioa gelditu egin dela dirudi. Biak ala biak Sanseren deialdian sartu dira. 17 jokalari deitu ditu Kodrok —Bigarren B mailan bost ordezko egon daitezke aulkian asko jota—, eta bitako bat Anoetan egongo dela dirudi. Etxabegurenek, gainera, lehen taldearekin entrenatu zuen ostegunean.

Atzealdeko hutsuneek zalantzak eragin dituzte, eta hasiera batean eskuragarri zirudien partida asko gaiztotu du. Zelai erditik gora, jokalari guztiak jokatzeko moduan ditu Montanierrek. Hala, Illarramendi hamaikakora itzuliko da, ziurrenik Zurutuza alboan duela, arazo fisikoekin ibili den arren. Erasoan, Prietok punta erdi lanetan jaraituko du, Madrilen emandako erakustaldiaren ondoren, eta Agirretxek Ifran ordezka dezake. Hegaletan ez dirudi Chory hasieratik ariko den, eta Velak eta Griezmannek jokatuko dute.

Lehen itzulia garaipenarekin itxiz gero, 28 puntu eskuratuko ditu Realak, iaz baino zazpi puntu gehiagorekin. Jardunaldiko emaitzen arabera, Europako postuetatik partida bakarrera geratuko litzateke. Iaz, jaitsiera postuetatik bi puntura zegoela ekin zion bigarren itzuliari. Urte batetik bestera taldeak asko hobetu du, baina zaleek eskatzen duten behin betiko aurrepausoa ematea falta da soilik. Horretarako, Deportivo bezalako aurkariei irabaztea ezinbestekoa da. Aurrekoetan, Espanyolen aurka bezala, huts egin du Realak.

Aldaketekin eta egoera ezagun batean datoz galiziarrak. Aste honetan Konkurtso Legean sartzea beste irtenbiderik ez du eduki Augusto Cesar Lendoiro presidenteak. Arazo ekonomiko larriek estututa, ez da arrastorik geratzen orain hamar bat urteko Superdepor haretaz. Valeron da garai horretatik geratzen den jokalari bakarra. Jokalari fina, bikaina, mugimendu dotorekoa; baina oso beteranoa, lesioz josia eta gainbeheran dagoena. Arazo ekonomikoak izan dira protagonistak A Coruñan aste honetan.

Sailkapenaren zuloan sartuta, presidenteak Jose Luis Oltra kaleratu zuen Gabonetan, eta Domingos Paciencia portugaldarra ekarri zuen. Aurten, galizieraz baino, portugaldarrez hitz egiten da Deportivon. Entrenatzaileaz gain, zortzi jokalari portugaldar ditu Deportivok, eta horrez gain neguko merkatuan Assunçao eta Silvio iritsi dira, portugaldarrez hitz egiten duten beste bi jokalari, eta Ligako ezagunak, Atletico Madrilen ibiliak baitira.

Pacienciarekin jokatutako lehen partidan garaipena erdietsi zuen Deportivok. Riazorren Malaga boteretsua menderatu zuen, Pizziren gol bati esker. Orain, Anoetan denboraldi honetan etxetik kanpoko lehen norgehiagoka irabazi nahi dute. Itxura ona eman zuten galiziarrek aurreko larunbatean, oldarkor aritu ziren, eta sendo atzean, orain arte ez bezala. Dena den, Anoetan baja garrantzitsuak izango dituzte, horietan nabarmenena Riki. Aurrelaria deialdian sartu da, baina ez dirudi hasieratik jokatzeko moduan egongo denik. Hala eta guztiz ere, Realeko atzealde berrituak kontuz ibili beharko du Deportivoren erasoekin. Pizzi oso jokalari abila da, eta Carlos Martinezek gertutik jarraitu beharko dio; garrantzitsua izango da erdiko atzelarien laguntza. Beste hegalean, Bruno Gama ere jokalari trebea da.



No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS