Ur handiak dira Santiago Bernabeun jokatzea. Handiegiak ia beti. Estatistikei begiratzea nahikoa da handik garaile ateratzea erronka ia lortezina dela konturatzeko. Hiru aldiz bakarrik irabazi dute txuri-urdinek Madrilgo taldearen etxean, eta hamasei aldiz berdindu. Beste 46 partidetan, galdu. Hori gutxi balitz, Ligako bi erraldoien eta gainontzeko taldeen arteko aldea gero eta handiago da urterik urtera.
Ur handiak nahasi egotea ezinbestekoa da punturen bat han eskuratzeko. Eta, hara, aspaldian ikusi baino nahasiago daude egun Real Madrilen. Gabonetako etenaldiak apur bat baretu du guztia, Florentino Perez presidenteak hasitako komunikazio estrategiari eta Jose Mourinho isilik egon delako. Baina ezin da ahaztu urte amaierako sutea. Entrenatzaileak, enegarren desafio gisa, Casillas aulkian utzi zuen Malagaren aurka; Mourinho Real Madrilen gainetik dagoela erakusteko asmoz. Merengeek galdu egin zuten eta hiru partida jarraian daramatzate Ligan irabazi gabe, pentsa ezina. Lehenengo itzulia amaitzeko bi partida falta direla, Bartzelona hamasei puntura du Real Madrilek. Eta itsaski horretan, Reala arrantza egiteko prest bihar (17:00; C+L, GolT).
Reala bestelako egoeran dago, zazpi partida jarraian jokatu baititu galdu gabe. Bolada onarekin jarraitzen saiatu nahi dute txuri-urdinek. Baina, etenaldiak kalte egin dio. Carlos Martinez, azken partidetako izarretako bat, deialditik kanpo geratu da, min hartuta. Imanol Agirretxek eta Markel Bergarak ere etxetik jarraitu beharko dute partida. Usurbildarra gastroenteritisa jota dago eta erdilariak sudurra hautsi zuen. Asier Illarramendirekin zalantza asko egon dira, baina azken unean sartu da deialdian. Ikusteke dago, hori bai, hasieratik jokatzeko moduan dagoen. Harekin batera, Gorka Elustondo eta Javi Ros itzuli dira deialdira.
Realak iazko itxura asko hobetu duen arren —egun Europa Ligako postuetan dago Malagari ezarritako zigorrari esker—, zaleek ez dute ahaztu iaz Bernabeun jokaturiko partida. 5-1 galdu zuten txuri-urdinek, markagailu ulergarria, baina oso itxura tristea eman zuten gipuzkoarrek. Gero, gainera, jokalari gehienak diskoteka batera joan ziren, porrota ospatzera. Hamaikako oso defentsiboa jarri zuen partida hartan Montanierrek. Partida atarian zuhurtziaz hitz egin du frantziarrak, eta horrek zaleen mesfidantza eragin du.
Dena den, aldaketak egitera behartuta dago entrenatzailea. Dani Estradak aspaldiko partez jokatuko du. Carlos Martinezen sasoia ikusita, partida bikaina egin beharko du zarauztarrak hamaikakora itzuli nahi badu. Nor eta Cristiano Ronaldo izango du aurrean. Aldaketa gehienak zelai erdian etor daitezke. Illarramendi hasieratik jokatzeko moduan ez badago, Zurutuzak egin beharko du euskarri lana, Pardorekin batera. Beste aukera Ros hasieratik jartzea litzateke, baina, dirudienez, nafarrak aukera gutxi ditu, orain arte ez baitu hasieratik inoiz jokatu. Aldaketa gutxiago espero dira erasoan. Agirretxe deialditik at geratu dela ikusita, Ifranek jokatuko du aurrelari gisa, alboetara Griezmann, Vela eta Xabi Prieto dituela. Aulkian Chory Castro egongo da erasoko jokalari bakar moduan. Dinamita gutxi aulkian, agian. Areago gutxienez hiru euskarri aulkian egongo direla kontuan hartuta: Elustondo, Illarramendi eta Ros. Aulkian gerta daitekeena aurreikusita, baliteke Montanierrek Vela “bederatzi” gisa jartzea, Ifran bigarren zatirako utzita. Hala, kontraerasoan min egitea bilatuko luke Montanierrek, hegaletatik ahalik eta etekin handiena aterata.
Arrantza egiteko katiuskak eta kanabera hartuta, txuri-urdinek badakite zein den Real Madrili min egiteko bidea: presioa, kosk egitea. Atzean eustera atera gero, Madrildarrek bost gol sar ditzakete. Zelai erdian Khedira eta Xabi Alonso itoz gero, baloia ez da Cristiano, Di Maria eta Ozilengana iritsiko. Hala, baloi bila behera erori beharko dute. Zelai erdian arrisku gutxiago eragiten dute haiek. Alonso eta Khediraren presioan baloia lapurtuz gero, azkar atera daiteke erasora.
Izan ere, atzealdea da Real Madrilen zonalde ahulena. Normalean ia ezinezkoa izaten da Bernabeun golen bat sartzea, merengeek ondo baino hobeto ixten baitute zerraldoa. Baina, aurten arazo franko edukitzen ari dira. Geldikako jokaldietan gol ugari jasotzen dituzte, eta ia partida guztietan jasotzen dute golen bat. Suari su gehiago botata, Casillas aulkian utzi du Mourinhok, eta Realaren aurka ere hala izan daitekeela iradoki du. Uneotan inork ez daki Adan edo Casillas —berriki, bosgarren urtez jarraian, munduko atezain onena izendatu dute—. Gainera, Marcelo eta Pepe min hartuta daude eta Sergio Ramosek bosgarren txartel horia ikusi zuen. Hala, inoiz ikusi gabeko atzealdea jarri beharko du Mourinhok. Varane gaztea eta Carvalho beteranoak izango dira erdiko atzelariak. Portugaldarrak Ligako lehen minutuak jokatuko ditu. Urrun daude haren distira garaiak, eta gogotik sufri dezake txuri-urdinen erasoko jokalarien abiadurarekin. Varane, berriz, etorkizuneko harribitxia da. Eskuin hegalean Arbeloak joka dezake, bihar egongo direnen artean titularra den bakarra. Ezker hegalean Nacho eta Coentraoren artean egongo da lehia. Portugaldarra berandu iritsi da oporretatik, eta Mourinho sumindu du. Beraz, baliteke harrobiko jokalariak jokatzea. Beste aukera eskuin hegalean Essien jartzea eta ezkerrean Arbeloak jokatzea litzateke. Batzuek edo besteek jokatu, atzealdeko zalantzak baliatu behar ditu Realak.
2012. urtea bolada izugarrian amaitu ondoren, 2013 era berean hasi nahi du Realak. Erronka ziala izanik, normalean baino errazagoa da oraingoan. Noiz eta Errege egunean, orain dela zortzi urte jokatutako egun bat baino beranduago. 2004ko Errege Eguneko bezperan sei minutuko partida jokatu zuten bi taldeek Santiago Bernabeun; elkarren aurka jokatzen ari zirenean ETAk bonba bat jarri zuela jakinarazi baitzuten. Abisua jo zutenean 88. minutuan zegoen partida. Aurkaria Real Madril izan ez balitz, partida bertan behera geratuko litzateke uneko emaitzarekin (1-1), baina sei minutu horiek (bi minutu gehi luzapeneko lau) jokatu ziren. Emaitza, eta Labakak Ronaldori egindako penaltya mundu guztiak du gogoan. Ez dadila errepika, eta Errege Magoak Olentzero bezain euskaldunak izatea oraingoan, Europa txuri-urdin guztiek 2013rako eskatu duten oparia baita.
Deialdiak:
Reala: Bravo, Zubikarai; Estrada, Mikel Gonzalez, Ansotegi, Iñigo Martinez, De la Bella, Jose Angel; Illarramendi, Zurutuza, Elustondo, Ros, Pardo; Xabi Prieto, Vela, Chory Castro, Ifran eta Griezmann
Real Madril: Casillas, Adan, Jesus; Varane, Carvalho, Arbeloa, Llorente, Nacho; Alonso, Khedira, Ozil, Essien, Modric, Callejon, Di Maria, Kaka; Cristiano Ronaldo, Higuian, Benzema
No hay comentarios:
Publicar un comentario