martes, 12 de marzo de 2013

‘CHAMPIONS’ ZAPOREKO GARAIPENA


Hartu sailkapena eta begiratu non dagoen Reala. Hasi goitik, azkarrago bukatzeko. Bosgarren dira txuri-urdinak, Txapeldunen Ligarako postuetan; Malagak oraingoz UEFAren zigorra bete behar baitu. Hemezortzi partidatik bakarra galdu du, etxetik kanpo hiru norgehiagoka jarraian irabazi ditu, eta 11 daramatza gutxienez gol bat sartuta. Rosaledan, Mestallan, San Mamesen eta Calderonen irabazi du. Ez da kasualitatea, beraz, Realan bosgarrena izatea.

Betisen aurka hiruna berdindu ostean, defentsako lan eskasa nabarmendu zuen ezkorrenak. Atletico Madrilen aurka, bada atzealdean sendo eta txukun aritzeak eta aukerak baliatzeak ekarri zituen hiru puntuak. Joko ona ez ezik, ofizioa ere irabazteko beharrezkoa baita. Realeko jokalari gazteei bizarra hazi zaie, eta nortasuna erakutsi zuten. Begira bestela nola erantzun zion Mikel Gonzalezek Diego Costaren probokazioei, “Ordainduko duzu” aurpegira botata, edo entzun Iñigo Martinez orrua azken minutuan. Aitor Zabaleta zena iraintzen ari ziren gizatxarrak mutu utzita.

Champions zaporeko garaipena; bat-batean, helburua ez baita Europan sailkatzeko lehiatzea, hurrengo urtean Txapeldunen Ligan jokatzeko borrokan gailentzea baizik. Vicente Calderongo garaipena ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Puntu bakarra lortzea ere ospatzeko modukoa zatekeen. Izan ere, orain arte, Ligan etxean jokatutako dema guztiak irabazi zituzten madrildarrek. Punturik ez bidean, eta azken bederatziak golik jaso gabe gainera. Abel Resinoren errekorra hautsi zuen Courtoisek, 819 minutu golik jaso gabe igarota, baina ez zen irribarrerik atezain belgiarraren aurpegian.

Bolada ezin hobean dira txuri-urdinak, emaitza onen ufadek olatuaren gainean jarri ditu. Edozer egiteko gai direla sentitzen dute jokalariek, eta guztia, Philippe Montanierren lan onari esker. Epelak entzun ditu, hanka eta erdi izan du taldetik kanpo, denboraldi amaieran haren kontratua ez berritzea erabaki onena pentsatzen duenik ere bada oraindik. Baina, bada haren lana txalotzen hasteko garaia. Baditu akatsak, gizaseme guztiek bezala, baina ezin zaio ukatu gotik behera itxura aldatu duela taldea. Denboraldi hasierako talde triste eta beldurtiari buelta eman eta jokalari alai eta beldurgarriak bilakatu ditu. Txuri-urdinek badakite nola jokatu, baloiaren jabetza nahi dute, baina maila altuagoko taldeen aurka sufritzen ere badakitela erakutsi dute. Kostata izan bada ere, Realaren joko ona hasi da oihartzuna izaten estatu mailako egunkari nagusietan.

Min hartuta zeuden jokalariak kontuan hartuta, zentzuz eta arduraz egin zuen hamaikakoa Montanierrek. Ifran eta Chori Castro gabe, beharrezkoa zen aurrelariren bat aulkian geratzea, partida gaizki joanez gero bultzagarri bat beharko zelako. Agirretxe geratu zen aulkian. Aurrelari bat esertzeak zelaierdia sendotzea zekarren. Azken momentuan osatuta, Illarramendik hasieratik jokatu zuen, Markel ondoan eta Zurutuza gorago zuela. Debarraren posizioak hegalera mugitu zuen Prieto aspaldiko partez. Zelai erdi sendoa Madrildarren ardatzetako bat da, eta teknikariak ondo ulertu zuen hor egongo zela lehia nagusia. Atletico Madrilek hutsune garrantzitsuak zituen posizio horietan, Mario Suarezek eta Tiagok ezin baitzuten jokatu; baina Koke eta Gabi aritu ziren. Maila handiko beste bi jokalari. Illarramendik eta Markelek lan eskerga egin zuten erasoak geldiarazi eta jokaldiak antolatuz. Zurutuzak lan iluna egin zuen, presioan alde batera eta bestera korrika eginez. Punta erdi lanetan ez zen guztiz fin aritu, baina bere ahalegina nabaritu ahal izan zen.

Zelai erdiko jokoa oztopatu ondoren, Falcao eta Diego Costa kate motzean lotzea zen hurrengo pausoa. Esan eta egin. De la Bella eta Carlos Martinez ez ziren ohi bezain beste azaldu erasoan, ez zituzten gehiegi lagundu aurrelariak, baina erruz egin zuten lan defentsan. Aurreko urteetako zuloa sarri hegaletatik etortzen zen. Erraza izaten zen bien bizkarra aurkitzea. Atzo, baina, lan azpimarragarria egin zuten. Haiek ez ezik, Iñigo Martinez eta Mikel Gonzalez ere maila handian egon ziren.

Atletico Madrilek zuen baloiaren jabetza, haiek zebiltzan erasoan, baina, egiari zor, Realak ez zuen gehiegi sufritu. Arrisku gehiena falta bitartez egin zuten etxekoek. Hegaletik egindako erdiraketak errematatzen saiatzen ziren Falcao, Raul Garcia eta Godin, zorterik gabe. Realaren atzealdea ezin gaindituta, urrutiko jaurtiketekin saiatu ziren. Hamabost bat aldiz jaurtikiko zuten, baina ia beti kanpora bidaltzen zuten baloia. Arriskurik ez. Asmatu zuten gutxietan Bravo azaldu zen, segurtasun handiarekin txuri-urdinei arnasa emateko.

Hala joan zen lehen zatia. Reala kontraerasoan ateratzeko asmoekin zegoen, baina Atletico Madrilek ez zion bidea erraztu. Lehian madrildarrak ziren nagusi, akaso, baina markagailuak berdinduta jarraitzen zuen. Falcao itzalita eta Diego Costa noraezean, Arda Turan izan zen etxekoen jokalari nabarmenena. Saiatu zen ezkerretik, saiatu zen erditik eta eskuinetik. Kale. Lehen zatia amaitu aurretik ere hura izan zen protagonista. Lehenik sarrera itsusi bat egin zion Illarramendiri, takoak mutrikuarraren berna-hezurrean utzita. Oparitxoa. Futbolean laranja koloreko txartelik balego, ikusiko lukeen. Horia erakutsi zion Ayza Gamezek. Hiru minutu geroago, falta garbia egin zion Velari area ertzean. Bigarren txartela eskatu zuten txuri-urdinek, baina epaileak barkatu egin zion. Merezi zuen bigarren txartela, baina ia epaile guztiek hartzen dute halako erabakia antzeko egoeratan.

Bigarren zatiari askoz oldarkorrago ekin zion Atletico Madrilek. Bazekiten Real Madrilek Celtari irabazi ziola, eta haientzat berdinketa ez zen aski. Txuri-urdinentzat sekulako berri ona zen aurkari erasokorrago bat edukitzea, kontraerasoan ateratzeko espazio gehiago izango zituztelako. Bigarren zatiko hamargarren minutua bete aurretik, hiruzpalau aldiz iritsi ziren madrildarrak Bravoren areara. Baina, kale berriro. Orduan egin zuen xake mugimendua Realak. Etxeko jokalari ugari erasora itsu-itsuan igotako jokaldi batean, baloia lapurtu eta azkar mugitu zuten. Hiru jokalari, hiru pase; eta Xabi Prieto Courtoisen aurrean. Donostiarra jokoz kanpokoan zegoen baloia hartu zuenean, baina marrazainak ez zuen ezer adierazi; aurrera, bada. Atezainak besoak eta hankak zabaldu zituen, atea txiki egiteko. Prietok, baina, jakintasunez, hankapetik bidali zuen baloia. Gola, ezustea, isiltasuna.

Aurretik zen Reala. 25 minutu faltan, sufritzeko 25 minutu askorentzat. Golak etxekoen aldartea berotu zuen. Berdinketak balio ez bazuen, zer esan porrotari buruz. Galtzea ez zen Simeoneren jokalarien buruan sartzen. Lehen bezala, erasora ekin zioten, itsu-itsuan askotan. Iritsi, erraz iristen ziren, Realaren baimenarekin beti ere. Baina, asmatu ezinik jarraitzen zuten. Atera zuten Raul Garcia, buruz min egiteko, bilatu zituzten geldikako jokalariak. Ezer ere ez.

Eta minutuak pasa ahala, Reala erosoago. Defentsan txukun arituta, kontraerasoan behin baino gehiagotan saiatu ziren. Griezmann aldea handitzear egon zen, jokoz kanpo garbi zegoen beste jokaldi batean. Atletico Madrilek bere atean gol bat sartu zuen ia. Defentsa ondo lerrotua ez ezik, baloia oinetan ere egiten zuen defentsako lana Realak. Baloia alde batetik bestera mugitu zuten, segurtasun osoz. Pasea, pasea, eta atzera; pasea, pasea eta erasoko jokalari bat libre. Falta. Ordulariak gupidarik gabe egiten zuen aurrera. Azkarregi etxekoentzat. Burua galtzen hasi ziren. Jokaldi zakarrak egin zituzten, nabarmen protestatu zuten eta falta gogorrak egin zituzten. Gutxitan ikusten du Falcaok txartel horia protesta egiteagatik. Ordurako Estrada zelaian zegoen, defentsan ahalegin berezia egiteko, Agirretxe ere jokatzen ari zen, baloia erasoan aguantatzeko eta geldikako jokaldiak defendatzen laguntzeko.

Burua erabat galduta, Diego Costak falta barkaezina egin zuen Illarramendiri zapalduta. Mutrikuar gazteak egundoko partida egin zuen beste behin ere, eta madrildarrak gutxiagotasun konplexuz ostiko bat baino gehiago eman zioten. Bururik gabe, eta bihotz taupada lausoekin, partidak ihes egin ziela ulertu zuten etxekoek. Sekulako balentria eginda, 0-1 irabazi zuen Realak.

Amets egitea zilegi zela esaten zen duela hilabete pasatxo. Ametsa errealitate bihurtu zela geroago. Jada ez da ametsik. Gora egiten duen guztiak beheraka egiten du ezinbestean, baina suziri bat bezala gora eta gora doa Reala. Eroriko da, partidaren bat galdu behar duelako; baina momentu horietan berriz gora egiten badu, ikusgarria izango da denboraldia. Champions doinua duten danbor hotsak entzuten hasi dira hor nonbait.

Jokalari onenak:

3.- Xabi Prieto: Bi partida madrilen; lau gol. Ez da izango ziurrenik kapitainaren partida gogoangarriena, baina efikaziaren izenean hitz egin zuen atzo. Behar zen uneetan agertu zen.

2.- Asier Illarramendi: Beste maila batean dago. Lesio batetik irten berria izan arren, erakustaldia eman zuen. Taldearen birika eta bihotza.

1.- Alberto De la Bella: Jokalari ugari nabarmendu daitezke, eta guztiek merezi dute agertzea, baina kataluniarraren txanda da. Inoiz baino sendoago aritu zen defentsan, eta Arda Turan eskuin hegaletik erdira eta ezkerrera mugitu zuen aukera bila. Bera bezala, beste edozein izan zatekeen oraingoan.



No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS