lunes, 1 de abril de 2013

OZTOPOAK GAINDITUZ


Meritu handiko berdinketa lortu zuen atzo Realak Espanyolen aurka. Hasieratik oztopoz bete zen partidari aurre egin eta galdu gabe jarraitzen du taldeak. Itzuli osoa egin du dagoeneko, bolada onak ez du etenik, eta Txapeldunen Ligan jarraitzen dute txuri-urdinak. Bina amaitu zen Cornellako partida, eta norgehiagokak hamabost minutu gehiago iraun balitu, garaipena donostiarrena izango litzatekeen irudipena eman zuen.

Puntua nola lortu zen erreparatuta, garrantzi handikoa da. Astebeteko etenaldiaren ostean, Bravo, Vela eta Chory deialditik kanpo geratu ziren, min hartuta hirurak. Atezaina lesionaturik iritsi zen Txilerekin jokatutako bi partiden ondoren, mexikarrak azken unean hartu zuen min eta uruguaiarrak osatu ezinik jarraitzen du. Hego Amerikako hiru jokalariak gabe, harrobiko jokalariek hartu zuten atzokoaren ardura. De la Bella ez, beste hamar jokalariak harrobikoak baitziren.

Egungo Reala nolakoa den ulertzeko aproposak izan ziren lehenengo bost minutuak. Etxetik kanpo jokatuta ere, txuri-urdinak ez dira kikiltzen eta partidaren bila ateratzen dira. Orain dela ez asko, itzuli bat gutxi gora behera, ez zen hala gertatzen, eta ia ezinezkoa izaten zen Anoetatik urrun punturen bat pilatzea. Alderantzizkoa gertatzen da orain, eta etxeko partiden segurtasunaz gain, oso emaitza onak izaten ari da kanpoan. Horren erakusle izan zen atzoko hasiera. Baloiaren jabetza hartu zuten donostiarrek, jokoa eratzeko ardura hartuta. Baloia alde batetik bestera mugitu zuten, beti ere aurrera begira.

Asmo hori, baina, azkar zapuztu zuen Espanyolek, Realak defentsan egindako huts bati esker. Verduk zelai erdia baino aurrerago baloia hartu eta hegalera zabaldu zuen. Carlos Martinez lekua galduta zegoen, baskulatzeko garaian hegaletik erdira jo zuelako. Simaok ederki baliatu zuen hutsunea eta haren erdiraketa maisuki errematatu zuen Sergio Garciak Kataluniako taldea aurretik jartzeko. Lehen huts egitea garesti ordaindu zuen Realak. Hurrengo minutuak oso arriskutsuak izan ziren, txuri-urdinak noraezean ibili zirelako. Espanyolek aldea handitzeko pare bat aukera izan zituen, baina aurreko jokaldian baino txukunago ibili ziren atzelari txuri-urdinak.

Hala, gutxien espero zen unean iritsi zen gola. Ordurako zelai erdian lan eskerga egiten ari zen Illarramendik pase ona eman zion Xabi Prietori. Donostiarra jokoz kanpo uzteko garaian huts egin zuten etxeko atzelariek, eta atezaina ateratzera behartu zuten; Casillak eta Prietok talka egin zuten, eta aldaratzea profitatuz, lehen ukituan sareetara bidali zuen baloia Zurutuzak. Dirudiena baino zailagoa izan zen halako gola sartzea. Berdinketak lasaitasuna ekarri zuen, eta baloiaren kontrola hartu eta jokaldiak egitera itzuli ziren txuri-urdinak. Eskuin hegaletik aritu ziren gehien bat, Prieto eta Carlos Martinez elkar ederki ulertzen baitira. Agirretxek ere gogotik egin zuen lan. Ez zen izan, berriz, Griezmannen eguna.

Beste hutsegite baten ondorioz, dena den, Espanyol aurretik jarri zen atsedenaldiaren aurretik. Jokaldi ederra egin zuten Sergio Garcia, Verdu eta Stuaniren artean, baina erraztasun handia eman zuten atzelariek. Bat-biko bikain baten ondoren, uruguaiarrak erraz sartu zuen bigarren gola. Donostiarrek ez zuten lehenengo zati ona egin, baloia izan bai, baina jabetzari etekinik ateratzeko modurik ez zutelako eduki. Lehen itzuliko Reala gogora ekarri zuen aurreneko 45 minutuek. Baloiaren jabetza ondo kudeatzen ez zekien talde hura, alde batera eta bestera mugitu ondoren, galdu eta sufritzen zuena; erasoan kamuts eta zer egin gabe jakin gabe.

Bigarren zatian, baina, itxuraldatu egin zen taldea. Berdinketaren bila kementsu atera ziren, eta aurkaria baino gehiago izan ziren. Espanyol kanpokoen oldarraldiak geratzen saiatu zen arren, gero eta gehiagotan egiten zuen atzera. Verdu, Sergio Garcia, Stuani eta Simao desagertu egin ziren eta esatariek Victor Sanchezen, Forlinen, Colottoren eta Hector Morenoren izena behin baino gehiagotan errepikatu zuten. Montanier ausartu izan zen, eta asmatu egin zuen aldaketekin. Lehenik eta behin Markel kendu eta Ifran sartu zuen. Aurrelariak ez zuen berebiziko jokaldirik egin, baina Zurutuza metro batzuk atzera botata, biziagoa izan zen txuri-urdinen jokoa.

Hurrengo aldaketa erabakigarria izan zen. Pardo zelairatzeko Illarramendi kendu zuen teknikari galiarrak. Aldaketa egin baino hogei bat minutu lehenago, golaren antzeko pasea eman zion mutrikuarrak Agirretxeri, baina huts egin zuen usurbildarrak. Astean zehar Espainiako hogei eta bat urtez azpiko taldearekin jokatutako partidengatik edo, nekatua egon zatekeen Illarramendi, eta Pardoren kalitatearen alde egin zuen Montanierrek.

Agirretxek beste aukera on bat izan zuen arren, berdinketaren gola ez zen berea izan. Zelairatu eta hiru minutura, Illarramendiren antzeko pasea eman zuen Pardok. Griezmannek Agirretxeri pasea eman nahi zion, baina hura mozten saiatzen ari zela, bere atean sartu zuen Javi Lopezek.

Amaitzeko hamabost minutu falta zirela, partida irabaz zezakeela ikusi zuen Realak, eta erasora ekin zion. Ordu laurden hori Espanyolen zelaian jokatu zen, eta bizpahiru aukera izan zituzten donostiarrek. Eskuinetik, ezkerretik, erditik... leku guztietatik aurkitzen zuten tartetxoren bat jokalariek, baina ez zen gola iritsi. Berdinketa balekotzat eman zuten bi taldeek amaieran, eta emaitza horri esker laugarren postuan jarraitzen du Realak, astebete gehiagoz gutxienez.

Nola alda daitezkeen gauzak. Itzuli oso bat atzera eginez gero, sailkapenaren zuloan zegoen Reala, jaitsiera postuetan estu eta larri. Montanierrek hanka eta erdi zuen kanpoan Espanyolen aurka Anoetan galdu ostean. Malagaren aurkakoak hil edo biziko garrantzia hartu zuen, eta jokalari bat baino gehiagok ezin zuen jokatu. Aiztoa prest zuten jada. Hemeretzi norgehiagoka pasa eta gero, partida bakarra galdu dute txuri-urdinek, Santiago Bernabeun, eta jaitsiera postuetatik laugarren postura pasa dira. Bederatzi norgehiagoka falta direla, Txapeldunen Ligarako sailka daiteke Reala. Horretarako, berebiziko garrantzia du hurrengo larunbateko demak. Astean zehar Txapeldunen Ligako partida duen Malaga hartuko dute txuri-urdinek, laugarren sailkatua bosgarrenaren kontra. Irabazten duenak hiru puntu aterako dizkio aurkariari, eta zortzi partida geratuko dira soilik. Amets egiteko zortzi norgehiagoka.

Hiru onenak:

3.- Xabi Prieto: Kapitainak erakustaldia eman zuen beste behin ere. Ez zuen zuzenean parte hartu goletan, baina erasoko jokaldi gehienetan aritu zen.

2.- Imanol Agirretxe: Golik ez, baina partida bikaina. Usurbildarrak erruz egin zuen lan, eta gertu izan zuen gola berak sorturiko pare bat jokalditan.

1.- Asier Illarramendi: Giltzarria da Realaren bolada onean. Lehen goleko pasea eman zuen, eta berbera errepikatu bigarren zatian, atezainak Agirretxeren saiakera zapuztu arren.



No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS