viernes, 23 de marzo de 2012

URAK NAHASTEKO PARTIDA


Santiago Bernabeun jokatu behar duten taldeek bi aukera dituzte: Aldez aurretik garaituta zelairatu, kikilduta, edota itzulinguruka ibili gabe aurrez aurre jokatzera atera. Bi moduetan galtzeko aukera handiak ditu kanpoko taldeak. Real Madrilek erasoan duen indarra ukaezina da, eta talde guztiek sufritzen dute. Argi dago ez dela partida erraza izango, eta esku hutsik itzultzea normalena litzatekeela, baina, txuri-urdinek, gaur 20:00etan (C+L, GolT) aurpegia eman behar dute gutxienez. Levanteren aurkako porrotaren, eta Vila-realen kontrako berdinketaren ondoren, urak nahasi datoz bi taldeetan, eta are gehiago nahasi daitezke galtzailearen etxean.

Hiru egun bakarrik pasa dira Levanteren aurkako porrotetik. Bi partida jarraian galdu ditu taldeak, eta gogorra litzateke hirugarrengo bat galtzea. Montanierrek Estrada, Elustondo, Markel eta Carlos Martinez deialditik kanpo utzi ditu. Zarauztarrak bosgarren txartel horia ikusi zuen asteazkenean, Beasaindarrak txartel gorria ikusi zuen, eta beste biak osatu ezinik dabiltza oraindik. Gauzak hala, hamaikakoan aldaketak egin beharko ditu entrenatzaileak.

Cadamuro hamaikakora itzuliko da, baina eskuin hegalean jokatuko du oraingoan. Harrobiko jokalariak ezker hegalean jokatu du aurten, baina eskuina denez, ongi moldatu daiteke eskuin hegalera. Hala, De la Bellak ezker hegalean jarraituko du. Levanteren partidaren ondoren epelak idatzi zituzten bere aurka, nahiz eta taldekide hainbatek okerrago jokatu.

Elustondo ez dagoenez, Illarramendi itzuliko da zelai erdira. Levanteren kontra ez zen ibili arazo fisikoak zituelako, baina atseden izan ondoren jokatzeko moduan dago. Pardok bigarren zatian izan ditzake minutuak. Beste aukera Montanierrek defentsa sendotu nahi izatean datza. Hala, Demidov euskarri gisa jarriko luke, eta bosteko lerro batean. Griezmann ere itzuli da deialdira, txartel horien zikloa behin amaituta, eta zuzenean hamaikakoan sar daiteke. Montanierrek gogoko du etxetik kanpo Vela erreferentzi gisa jartzea, hegaletan Griezmann bera eta Xabi Prieto dituela.

Santiago Bernabeutik zerbait positiboa ateratzeko lan eskerga egin beharko dute txuri-urdinek. Defentsan prestuak izan beharko dute, Cristiano Ronaldo, Benzema eta enparauen korrikaldiak geratzeko. Zelai erdian gogor ari beharko dira, Kaka eta Xabi Alonsori zentimetro gutxi emanez gero sekulako paseak emateko gai direlako. Erasoan aukera gutxi izango ditu ziurrenik Realak, eta dituen gutxietan gola sartu beharko dute. Ez dago edabe magikorik Real Madrili irabazteko, lana, lana, lana eta lana besterik; eta zorte apur bat. Epailearegandik ere ezin da asko espero. Puntu asko kendu dizkiote txuri-urdinei aurten, eta gainera aurkariak kexuka eta negar zotinka iritsiko dira partidara. Turienzo Alvarez presiopean egongo da. Malagak eta Vila-realek erakutsitako bidea jarraitu behar da. Lotsarik gabe zelairatu eta estu hartu behar dituzte etxekoak. Atzean itxiz gero, ez dago zereginik.

Real Madril, atzera begira?

Reala gaizki badago, Real Madril ez dago askoz hobeto. Barregarria ematen du halako zerbait esatea lehenengo postuan dagoela kontuan hartuta, Bartzelona sei puntura duela. Baina, azken bi partidetan huts egin dute zuriek, eta azken minutuetan berdindu egin diete aurkariek, bai Malagak, bai Vila-realek. Azken partidan gainera istiluak egon ziren, eta epaileak Mourinho, Rui Faria laguntzailea, Ramos eta Ozil egotzi zituen. Erabaki horrek hautsak harrotu ditu, eta Madrilekoak oso haserre daude, epaileak haien kontra omen daudelako. Tristea eta penagarria. Badirudi beldurtzen hasi direla Bartzelona hurbiltzen ikusita. Aurrera begira baino, atzera begira daude.

Asteazkenekoak eragin handia izango du gaur. Pepe, Ozil, Lass, Mourinho eta Rui Faria ez dira zelaian egongo. Ozilek txartel gorria ikusi zuen epailea iraintzeagatik, Lassek bosgarren txartel horia ikusi zuen, eta Pepek, txartel gorririk ikusi ez zuen arren, aldageletarako bidean epailea larri iraindu zuen; bi partidako zigorra jarri diote. Sergio Ramos, berriz, hamaikakoan izango da, Diziplina Batzordeak lehenengo txartel horia kendu dielako. Barregarria, beste behin, eta oraindik kexuka daude.

Horiek hala, aldaketak egin beharko ditu Mourinhok, batez ere defentsan. Real Madrilek jokalari asko ditu, eta ez da gehiegi nabarituko. Peperen lekuan Varane gazteak jokatuko du. Aukera gutxi izan ditu frantziarrak, baina jokatu duenean etorkizunean izango duen maila erakutsi du. Altua eta sendoa da. Hegaletan Arbeloa eta Marcelo ariko dira. Brasildarra askotan igotzen da erasora, bere garaian Roberto Carlosek egiten zuen moduan, eta zulo horri etekinak atera beharko dizkiote Velak eta Prietok. Zelai erdian Khedirak jokatuko du Xabi Alonsoren ondoan, punta erdi lanetan Kaka dagoela.  Granerok ere hasieratik joka dezake. Hainbat jokalari ez dauden arren, ez dago aldaketarik erasoan, eta dinamita guztia Bravoren sarea lehertarazteko prest du Mourinhok: Ronaldo, Benzema eta Higuain. Harrobiko taldeko bi jokalari deitu ditu Mourinhok deialdia betetzeko: Mejias eta Jese.

Erronka zaila dute aurretik txuri-urdinek, baina ez da ezinezkoa, eta bere maila emanez gero balentria handia egin dezakete.

Deialdia:

Real Madril: Casillas, Adan, Mejias; Varane, Arbeloa, Marcelo, Ramos, Albiol, Coentrao; Altintop, Sahin, Khedira, Xabi Alonso, Granero, Kaka; Cristiano Ronaldo, Higuiain, Benzema eta Jese.

Reala: Bravo, Ramirez; Demidov, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, Ansotegi, Cadamuro, De la Bella; Xabi Prieto, Illarramendi, Pardo, Aranburu, Zurutuza, Griezmann; Ifran, Llorente, Agirretxe eta Vela.

No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS