domingo, 13 de mayo de 2012

ESKERRIK ASKO, MIKEL

75. minutua. Ruben Pardok beroketa lanak amaitu eta Realaren elastikoa janzten du, 27a soinean. 13 urte lehenago, azpeitiar gazte batek zenbaki bera sorbaldan zuela sartu zuen bere lehen gola Realarekin, Atletico Madrilen aurka. Gazte hura zelaian dago, Mikel Aranburu du izena, eta Anoetak badaki zer gertatuko den orain. Laugarren epaileak 11 zenbakia erakutsi aurretik, zutik daude zale guztiak “Mikel, Mikel, Mikel, Mikel” oihuka. Taldekide guztiak korrika doaz zelai erdira, kapitain handiari agur esatera, aurkariak ere eskua ematen. Bitartean, Anoetan inoiz izan den txalo zaparrada handiena. Eta, badoa, Pardo besarkatzen du sinbolismoz beteriko aldaketa batean; iragana eta etorkizuna elkarrekin. Akabo. 1992an hasi zen hura hogei urte geroago amaitu da. Lagun Onaketik 13 urterekin etorri zen haur hura gizon bihurtua, mitoa txuri-urdin guztien bihotzean. Eskerrik asko, Mikel.

Egun berezia zen atzokoa. 2011/2012 denboraldiko azken partida, baina bereziki Mikel Aranburu kapitainaren azken partida. Giro berezia bizi zen Anoetan, urte mordo bat geroago gogoratzen den horietakoa. Lepo beteta zegoen zelaia, ezin zuen beste modu batean izan. Ezohikoa den moduan, partida hasi baino ordu erdi lehenago harmailak gainezka zeuden, eta zaleen lehenengo guda-oihuak entzun zitezkeen. Harmailetan inoiz baino pankarta gehiago, gehienak Mikelen omenetan. Bi taldeetako jokalariak zelai erdian zirkulu bat eginez, eta erdian Maialen emaztea, Oihan txikia, Jokin Aperribay presidentea, eta, noski, omendua, Aranburu. Partida atariko zeremonia xumea izan zen, umila, azpeitiarra bezala. Presidenteak urrezko intsignia jarri zion bere semea eskuetan zuela. Pantailetan argazkiak eta bideoak, eta Amets Arzallus eta Jon Maia bertsotan. Etxean zegoen kapitain handia, Anoeta beti izango duelako etxe Mikelek.

Omenaldiaren ondoren, azken partida jokatu behar zuen Aranburuk. Kapitaina omentzera ez ezik, futbola ikustera joan zirelako zaleak. Azpeitiarrak hamar lagun izan zituen ondoan, hamalau urteko egunerokotasunean aldagelan izan dituen taldekideak. Praktikan, ez zegoen ezer jokoan, baina kapitainak garaipena merezi zuen bere agurrean. Valentziak ere ez zuen ezer jokoan, eta jokalari garrantzitsu asko deialditik kanpo utzi zituen Emeryk. Hala, minutu gutxi jokatu duten jokalariekin eta harrobiko gazteekin osatu zuen hamaikakoa. Hondarribiarraren taldea hirugarren geratu da Ligan, eta horrek zerbait esan nahi du. Realak hala nahi ez bazuen ere, Valentzia nagusi izan zen lehenengo zatian. Zelai erdian Tino Costa toki guztietan agertzen zen, eta Pablo Hernandez, Bernat, Feghouli eta Aduriz oso aktibo ibili ziren. Donostiarrak aukera bat baino gehiago izan zituen, baina Bravoren eskuetara edo kanpora bidali zuen baloia. Arrisku handiko jokaldiak egin zituzten, eta aldeko korner ugari izan zituzten. Argi zegoen Valentziak ez zuela ezer oparituko. Realak garaipena nahi bazuen, borrokatu egin beharko zuen.

Izan zuen aukeraren bat lehen zatian, baina ez zuen ezer berezirik izan. Norgehiagoka ez zen bereziki ona izan, nabaria zen tentsio falta. Ez zen ezkonduak ezkongabeen aurkako partida bat, baina ez zebilen urruti. Bigarren zatian gogotsuago atera zen Reala, hiru puntuen bila. Vela, Griezmann eta Xabi Prieto agertu ziren —Donostiarra Agirretxeren ordez sartu zen 55. minutuan—, eta hiruren artean Valentziaren atzealdea erotu zuten. Hala, mexikarrak jokaldi polita egin zuen hegaletik, eta bigarren zutoinera erdiratu zuen, nor agertu, eta Aranburuk ia gola sartu zuen. Diego Alvesek baloi hura gelditu ez balu, Anoetan pozez zoratzen jarriko litzateke kapitainaren golarekin. Baina, gola, bost minutu geroago etorri zen. Zurutuzak eta Prietok jokaldi polita egin zuten. Area barnean sartu zen hegalekoa, eta lehen zutoinera erdiratu zuen Griezmannek sareetara bota zezan baloia. Sasoi honetan behin baino gehiagotan ikusi dugun jokaldia izan da, polita eta eraginkorra.

Reala irabazten zegoela joan zen Aranburu. 75. minutu horretan bizipen ugari egon ziren. Anoetak hunkituta esan zuen agur, eta Aranburuk emandako guztia itzultzen saiatu zen. 1997ko ekainaren 22ko debuta Logroñesen aurka, lehendabiziko gola 1999ko otsailaren 21ean Atletico Madrilen aurka Anoetan, 2002-2003 urteko epika, Txapeldunen Liga, Oriolen sarrera beldurgarri hura, San Mamesen sartutako golak, jaitsiera, infernuko hiru urteak, igoera, Lehen Maila berriro, eta Valentziaren aurkako partida, 75. minutua berriro. Oroimen zurrunbiloa kapitainaren besokoaren lekukoa Xabi Prietori ematen zion bitartean.

Kapitainaren eguna zen, baina Velak ere azken partidua zuen. Gauzak asko aldatzen ez badira, mexikarrak ez du Realean jarraituko. Arsenalera itzuliko da, eta eskaintza ugari izango ditu. Realak itzultzea nahi du, baina ahalmen ekonomiko handiagoko taldeak ditu atzetik Velak, eta mexikarrarentzako kirol erronka handiagoak dituzte talde horiek. Ikusiko da non amaituko duen. Pena i zango da. Azken hamabost minutuetan bi taldeak gola sartzen saiatu ziren, baina ez zuten asmatu. Zaleak partidari begira zeuden, baina burua beste leku batean zuten. Ez zuten kapitaina txuri-urdinez jantzita berriz ere ikusiko. Azken txistu hotsa nahi zuten, Mikelentzat berriro ere eskuak lanean jartzeko.

Garaipenarekin amaitu zen Aranbururen azken partida, 1-0. Joaneko eta itzuliko partidan markagailu bera izan da, eta Griezmannek sartu du gola bietan. Hamar urte zeramatzan Valentziak Anoetan galdu gabe, baina amaitu da bolada. 47 punturekin bukatu du Liga Realak, eta egon diren gorabeheren eta kritiken gainetik, emaitza ona lortu dute txuri-urdinek, azken 13 urteetako bigarren marka onena, txapeldunordetzako urtearen azpitik. Jendea baina, ez da guztiz ase, eta oraindik zalantzan dago Montanier. Hurrengo astean jakingo da Realan jarraituko duen edo ez. Realak hobetu egin du, nabarmen, baina oraindik gehiago hobetu dezake, badago ondo lan egiteko mamia, eta hori leporatzen diote entrenatzaileari.

Baina gaua ez zen 90. minutuan amaitu. Taldekideek kapitaina airatu zuten, eta Aranburuk mikrofonoa hartu zuen zaleen begiak bustitzeko. Gutxi hitz egin zuen, baino asko esan zuen. Aranburu azken unera arte izan zen Mikel. Gero, zelaiari ohorezko itzulia eman zion, han zeuden 32.000 zaleei euren berotasuna eskertzeko. Bozgorailuetatik Mikel Laboaren Izarren hautsa entzuten zen bitartean. Mikel sortu zen enbor beretik sortuko dira besteak, Realean iraungo duten zuhaitz-ardazka gazteak; baina Aranburu enborra ez da inoiz ahaztuko. Aldageletara bidean begi bistatik desagertu zenean, argi bat itzali zen Realean. Txuri-urdinek kapitain bat galdu eta mito bat irabazi zuten atzo. Betira arte, Mikel!

Jokalari onenak:

3.- Mikel Aranburu: Joan da kapitain handia, eta merezi zuen agurra izan zuen. Hasieratik jokatu zuen, eta lehenengo zatian asko agertu ez bazen ere, hurbil izan zuen gola bigarren zatian. Gol hori sartu izan balu... Pardok ordezkatu zuen, iragana eta etorkizuna.

2.- Carlos Vela: Agur esan zuen beste bat. Izugarrizko denboraldia egin du, bikaina. Erronka handiagoen bila doa orain. 12 gol sartu ditu ligan, atzo ez zuen sartu baina oso gertu izan zuen jaurtiketa bikain batean.

1.- Xabi Prieto: Oso gaizki hasi zuen denboraldia, eta oso ongi amaitu du. 55. minutuan sartu zenean Realaren itxura aldatu zuen eta golaren pasea eman zion Griezmanni. Maila onean dagoenean, gozamena da jokatzen ikustea.

No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS