sábado, 22 de septiembre de 2012

PAUSOZ PAUSO EGITEN DA BIDEA


2012ko urtarrilak 14. Martxa honetan historikotzat joko dugu data hori. 22:45 aldera Griezmannek Valentziaren atea zulatu zuen, eta ordubete ondoren Realak 0-1 irabazi zuen partida hura. Lehen itzulia amaitu gabe zegoen orduan, eta itxaropena piztu zuen gol horrek. Zortzi hilabete geroago, etxetik kanpo irabazi ezinik dago taldea. Bigarren itzuli osoan hiru partida soilik berdindu zituen Realak eta denboraldi honetan Bartzelonaren (5-1) eta Mallorcaren (1-0) aurkako partidak galdu ditu. Pausoz pauso egiten da bidea, baina Realak pauso bat aurrera ematen duen bakoitzean, bi urrats egiten ditu atzera. Levanteren aurka du madarikazioa hausteko hurrengo aukera, igandean (16:00). Ez da erraza izango, han jokatutako sei partidetatik bakarra irabazi baitute txuri-urdinek, orain dela lau denboraldi.

Etxeko bi partidak irabazi ostean, astea lasaia izan da Zubietan. Min hartutako jokalari gehienak ari dira pixkanaka osatzen, eta Elustondo eta Agirretxe ezik, beste jokalari guztiak jokatzeko moduan daude. Beasaindarrak ez du itzulera datarik jarri nahi guztiz osatu arte, eta Usurbildarra ez da osatu igandeko partidan ezker izterrean jasotako golpeez. Cadamuro, Pardo, Chori Castro eta Prieto, berriz, osatu dira, eta deialdian sartzeko moduan daudela dirudi. Algeriarraren kasuan, baliteke deialditik at geratzea, justuen bera iritsi delako, eta atseden hartzea komenigarria izan daitekeelako. Horrez gain, harritzekoa litzateke Montanierrek lau erdiko atzelari deitzea, eta Ansotegiren errendimendua ikusita arraroa litzake Berriatukoa kanpoan aulkitik kanpo geratzea.

Montanier ez luke arduratuegi egon behar Agirretxeren lesioarekin. Beti da pena jokalari batek min hartzea, gehiago Agirretxeren moduan hasieratik jokatu ohi duen bat bada. Baina, Realak, zorionez badu hura ordezkatzeko aukera ugari. Chori eta Prieto osatuta, aukera ugari ditu Montanierrek. Normalena Velak gezurrezko aurrelari gisa jokatzea izango litzake, Griezmann eta Prieto —edo Chori— hegaletan dituela. Iaz partida batean baino gehiagotan hartu zuen erabaki hori entrenatzaileak, eta maila txukuna eman zuen Mexikarrak. Beste aukera Ifrani minutuak ematea da. Uruguaiarra isilik dago, bere aukeraren zain protesta egin gabe. Oraingoz oso minutu gutxi jokatu ditu, baina noizbait izango du bere aukera.

Zelai erdian ere aldaketak egon daitezke. Orain arte, Montanierrek ezin izan du zalantza askorik egin, hiruzpalau jokalari min hartuta zituelako. Levantaren aurka, baina, Elustondo soilik dago min hartuta. Hala, Markel, Illarramendi, Ros, Zurutuza, Pardo eta Griezmannen artean, hiru bakarrik aukeratuko ditu. Orain arte Markelek eta Illarramendik partida guztiak jokatu dituzte, eta baliteke hasieratik jarraitzea Levantaren etxean. Zaragozaren aurka hasieratik jokatu ondoren, Zurutuzak minutuak pilatzen jarraitzeko beharra dauka. Pardo bere lesiotik osatu berri da, eta horregatik litekeena da entrenatzaileak aulkian uztea bigarren zatian minutuak emateko. Levanteko erdilariak gogorrak eta sendoak dira, eta ez dute zalantzarik egiten ostikadak emateko garaian.

‘EuroLevante’

Realak aste osoa eman du Levanteren aurkako partida prestatzen. Ez da hala izan Valentzia aldean. Historian lehen aldiz Europan jokatuko du Levantek, iazko denboraldi bikainaren ondoren. Lehen partida ostegunean jokatu zuen Helsingborgs talde suediarraren aurka 1-0 irabazi zuten Juanfranen gol bati esker. Adalketak egin zituen entrenatzaileak, baina jokalari asko Realaren aurka egongo dira. Nekatuta egongo dira asko, eta neke hori baliatu behar dute txuri-urdinek.

Helsingoborgs izan dute buruan Levanteko guztiek, eta ez Reala. Valentziarrak ez dabiltza iaz bezain fin Ligan —4 puntu dituzte soilik—, baina Europako ametsak itzalita utzi ditu alarma guztiak. Malagaren eta Valladoliden aurka partida kaskarrak jokatu dituzte, eta Espanyolen aurkako garaipena azken minutuan lortu zuten. Osteguneko partida eta gero, gainera, nekatuta iritsiko dira Ligako partidara. Aukera hori baliatu behar du Realak, Levante ez baitago ohituta Europan jokatzera. Realak inork baino hobeto daki Europan jokatzeko ohiturarik ez duten taldeek nola sufritzen duten Europako partidak Ligakoekin tartekatu behar dituztenean.

Dena den, Levanteko jokalari gehienek badakite zer den Europan jokatzea, eta zer den gero asteburuan jokatzea. Ballesteros, Juanfran eta enparauek gazteagoak zirenean Champions Leagueko eta orduko UEFAko partida ugari jokatu izan dituzte. Eskarmentu hori adinarekin ordainduko dute, eta nekea nabari beharko zaie. Juan Ignacio Martinez entrenatzaileak aldaketa txiki batzuk egin zituen ostegunean, eta Malagaren aurka atseden hartu zuten hainbat jokalarik hasieratik jokatu zuten.

Zakur zaharrak dira Levanteko jokalariak. 30 urtetik gora dute gehienek, sendoak dira, indartsuak eta ostikoak ematen edo aurkariak bere onetik ateratzen iaioak dira. Teknikoki oso abilak izan gabe, iaz eskarmentu horri esker irabazi zituzten partidak. Pentsa, atzeko lauko lerrotik, bakarrak ditu 30 urte baino gutxiago, Pedro Lopez eskuin hegaleko atzelariak (28). Ballesteros (37), David Navarro (32) eta Juanfran (36) zaharragoak dira. Zelai erdian txuri-urdin ohi Barkerok 33 urte ditu, Pedro Riosek 30 eta Juanluk 32. Iborra eta Diop euskarriak gazteagoak dira, 24 eta 26 urte dituzte, hurrenez hurren. Aurrelari gisa Gekas eta Martins iritsi dira. Greziarrak 32 urte ditu eta Nigeriarrak 28.

Realaren aurka Ligako norabidea hobetzen saiatuko da Levante. Iaz ez bezala, gaizki hasi dira, eta momentu batzuetan nola jokatu nahi duten ere ez dakitela dirudi. Iaz, ia memoriaz jokatzen zuten. Nabarmentzekoa da oso itxura ona duela Ciutat de Valenciako zelaiak Aurreko sasoitan penagarri egon ondoren, lorezainek lan bikaina egin dute.

Iaz denboraldi bikaina egin eta Europara sailkatu ondoren, taldea ia goitik behera eraberritu du Martinezek. Egiari zor, taldearen bizkarrezurra ez du aldatu, baina jokalari askok utzi dute taldea, eta jokalari ugari etorri dira. Kone, Del Horno, Javi Venta, Botelho, Valdo edo Ruben Suarez dira Levante utzi dutenetako batzuk; guztira 11 jokalarik utzi dute taldea. Trukean beste 11 jokalari iritsi dira. Navas atezaina fitxatu dute —iaz utzita jokatu zuen—, eta Karampelas, Lell, Volta eta Hector Rodas atzelariak etorri dira. Lellk eskuin hegalean jokatzen du, eta Karampelasek beste hegalean. Greziarrak partida bakarra jokatu du, lehenengoa, baina Alemaniarrak Pedro Lopezi tokia kendu dio. Voltak ez du minuturik jokatu. Zelaierdian Diopek partida guztiak hasieratik jokatu ditu Iborra ondoan duela, gehienetan. Racingetik etorritako jokalariak itxura ona eman du orain arte. Dudka berandu iritsi zenez, bere aukeraren zain dago oraindik, baina etorkizun oparokoa dirudi. Eskuin hegalerako Pedro Rios iritsi zen Getafetik baina minutu gutxi izan ditu oraingoz.

Sasoiko fitxaketa nagusiak erasoan etorri dira. Urteroko patua dirudi Levanten. Orain bi urte Caicedok sekulako denboraldia egin zuen, eta Errusiara joan zen diru bila —baita dirua utzita—, iaz Konek maila bikaina eman zuen, Levantek geratu nahi zuela esan zuen, eta Ingalaterra ihes egin du Wiganen jokatzeko. Gauzak hala, taldeak Gekas beteranoa fitxatu zuen lehendabizi, killer bat, Koneren golak berak sartzeko. Baina ez dago Levanteren jokatzeko modura ohituta, 9 bat da, eta ez kontraerasoan jokatzeko aurrelaria. Horrela, golik sartu gabe dago oraindik. Azken unean Obafemi Martins nigeriarra iritsi da, jokalari azkarra, ezaguna, sona handiko izena. Errusiatik etorri da, baina aurretik Italian, Ingalaterran eta Alemanian jokatu du. Bere ibilbidean 64 gol sartu ditu, 17 gehiago Nigeriako selekzioarekin. Realaren aurka joka ditzake bere lehen minutuak.



No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS