martes, 14 de mayo de 2013

BARKATZEA ZIGORTUTA DAGO

Futbolaren esaldi ezagunena izango da akaso, baino ez du indarrik galdu: barkatzen duenak, garesti ordaintzen du. Eta garesti, oso garesti ordain dezake Realak Granadaren aurka atzo galdu zituen bi puntuak. Dena alde zuenean, aurkaria baino askoz gehiago zenean, aukera probestu ez, eta bina egin zuen markagailuan. Hamaika aukera izan zituzten txuri-urdinek, bi aldiz jo zuten zutoina, baina ez zuten eraginkortasunik izan. Laugarren jarraitzen du Realak, bai, baina Valentziarekin berdinduta jada. Hurrengo sasoian Txapeldunen Ligan jokatu nahi badu, falta diren hiru jardunaldiak irabazi beharko ditu.

Asteburuko emaitzak ezagututa, Montanierren mutilek bazekiten garaipena beste biderik ez zutela. Egurrean amaituko du Liga Valentziak, eta era berean egin behar du Realak. Getaferen aurkako porrotak eragindako zalantzak uxatzeko baliagarria zen ere Granadari irabaztea. Zeukan beharraz jakitun, hordagoa jo zuen teknikariak, hamaikako erasokor baino orekatu gabe jarri zuen teknikariak. Ifran ez, gainontzeko erasoko jokalari guztiak elkarrekin jokatu zuten hamaikakoan: Griezmann, Xabi Prieto, Vela, Chory Castro eta Agirretxe. Lehen biek zelai erdian jokatu zuten, euskarri lanak tartekatuz. Frantziarra hasi zen Markelen alboan, baina minutuak pasa ahala kapitainak hartu zuen haren lekua zelai erdian.

Hamaikakoa ikusita, argi zegoen helburua: erasoa. Garbi zegoen ere zein izango zen Granadaren xedea. Berdinketa aski zuten andaluziarrek ez jaisteko lehian arnasa hartzeko, eta defentsan ordenatuta egon, Realaren kontraerasoak saihestu eta baloia lapurtzean erasora azkar ateratzea. Kartak mahai gainean nork hobeto erabiliko zituen hobeto zen kontua. Berehala hartu zuten aurre txuri-urdinek, baina segituan itzuli zion kolpea Granadak. Agirretxek (9. min) jokoz kanpoan sartu zuen donostiarren gola, Chory Castroren erdiraketa ederki baliatuta. Lau minutu geroago, (13. min) El-Arabik berdindu zuen, Brahimiren aldaratzea baliatuta.

Espero bezala, Reala zen nagusi, markagailua berdinduta zegoen arren. Baloiaren jabetzarekin, azkar bilatzen zuten erasoa. Griezmann izan zen lehen minutuetako eroale nagusia. Markeli edo atzelariei baloia eskatu eta aurrera eramaten zuen oinetara itsatsita, hegaletara zabaldu edo urruneko jaurtiketa saiatzeko. Granadaren golak ez zuen txuri-urdinen asmoa aldatu. Granadak lau eta bost jokalarietako bi lerrorekin itxaroten zuen. Gustura zebilen Reala erasoan, faltak eta txartel horiak probokatuz, baina sufritu egiten zuen defentsan. Lehen minutu horietan atzeman zen lehen aldiz sistema horrek defentsan eragiten zuen ahulezia. Baloi luze bat, aldaratze zuzen bat aski ziren aurrelariek baloia hartu eta arriskua sortzeko. Errusiar erruleta baten itxura hartu zuen norgehiagokak, arrisku gehiegi hartu zuen Realak.

Nolanahi ere, atsedenaldiaren aurretik aurre hartzea lortu zuten txuri-urdinek. Andaluziarren faltak eta trikimailuak gaindituta, bigrren gola sartu zuten. Carlos Martinezek defentsan egindako lan onari esker baloi bat lapurtu zuen, eta errekurtso tekniko bikain bat egin ondoren, aurrera eraman zuen baloia, Choryren oinetaraino. Uruguaiarrak erdira jo eta ederto zabaldu zion baloia Velari. Mexikarraren erdiraketa bularrez errematatu zuen Agirretxek, fede eta konfiantza osoz (43. min).

Zaleek txaloka agurtu zuten taldea, pozarren, sartu berri zuten golari esker. “Presioa? Zer presio? Hori Valentziari galdetu” zioten algaraka, ogitartekoa arrapaladan jaten zuten bitartean, 22:45 berandutxo baita afaltzeko. Itxura ona zuen bigarren zatiak. Granadarentzat txarra zen porrota, zerraila ireki eta harresiaren atzetik ateratzeko beharra izango zuen. Golak bata bestearen atzetik sar zitzazkeen Realak andaluziarrak gehiegi irekitzen baziren.

Baina, presioa iritsi zen. Bigarren zatiko lehen hogei minutuak bikainak izan ziren. Granadaren zelaiaren aldean jokatu zen soilik. Txuri-urdinak etengabe iristen ziren, uholde etengabean. Konfiantzaz aurkariak hankapean eduki zituzten baloia alde batera mugituz. Bartzelona zirudien Realak, baina kataluniarren biziorik okerrena hartu zuten. Polita zen jokoa, ezin ederragoa, zaleen txalo sorta ateratzen duen horietakoa; baina ez zen eraginkorra. Agirretxek hirugarrena sartzeko makina bat abagune izan zituen, eta ezkerrez zutoinera bidali zuen baloia, zaleak ia gola oihukatzen ari zirela. Ez zen bakarra izan, Griezmannek, Choryk eta Velak ere izan baitzituzten haien aukerak. Ez zuten asmatu, batzuetan berekoiegi izateagatik, besteetan, eskuzabalegi.

Prietok eta Griezmannek gora egin zuten inertziaren inertziaz. Markel bakar bakarrik geratu zen zelai erdian, eta sufritzen hasi zen. Alcaraz bere aukeraz konturatu zen, eta zelai erdiko eta erasoko jokalariak pilatzen hasi zen, Realari baloia kendu eta arriskua sortzeko. Montanierren erantzuna bolbora gehiago sartzea izan zen; egur gehiago. Zeharo akituta zen Chory Castro kendu eta Ifran sartu zuen.

Hegaletatik jokaldi azkar eta ikusgarriak egiten zituen Realak, baina baloia gero eta hurbilago zegoen bere areatik. Taldea bitan apurtu zen, defentsa eta erasoa, orekarik gabe. Erasoan txorakeriak egiten baloia galtzen zuten bakoitzean, komeriak atzelarientzat. Buonanotteren sarrerak eragin zuen nahasmen gehiena. Jokalari txikia da argentinarra, baina oso trebea, eta min asko egin zuen lerro artean. Realak beste baloi bat bidali zuen zutoinera, eta atezainak geldiketa bikaina egin zion Estradari; baina, hala eta guztiz ere, estu zebilen.

Erruz sufritu zuen Realak azken ordu laurdenean. Bravok izugarrizko geldiketa egin zion Nolitori. Baloiak eltzera bidaltzen hasi zen Granada. Aulkian zuen guztia zelai gainean jarri zuen. Montanier, bitartean, geldirik, egoera hori nola gelditu asmatu ezinik. Sosegua eskatzen zuen partidak, zelai erdian jokalariren bat jartzea, baloia hartu eta jokoari zentzua emateko. Zurutuza eta Pardo zituen aulkian teknikariak, baina lehena ez omen zegoen egoera onean. Pardok ez zuen minuturik eduki. De la Bellak, lehertuta, aldaketa eskatu zuenean, Cadamuro atera zuen Montanierrek. Eta zaleek beldur gehien zutena gertatu zen luzapenean. Atezainak falta bat luze atera zuen, Arandak bularrez kontrolatu zuen baloia area barruan -ulertezina-, jaurti zuen, baina defentsa batek urrundu zuen. Aldaratzea Reciok hartu eta sareetara bidali zuen. Aurreko jokaldietan beste hiru abisu eman zituen Granadak.

Golpe latza izan zen, zaleen oroimenera Vila-Real eta Valentzia etorri ziren, azken minutuetan huts egindako hainbat partida. Laugarren jarraitzen du Realak, Txapeldunen Ligan. Txuri-urdinek bere esku dute garaipena, baina huts egin dute azken bi jardunaldietan. Alde zuten guztia galdu zuten. Valentziaren garaipen bikainaren ondoko bost puntuak ezerezean geratu dira. Donostiarrak barkatzen ari dira, eta gogor ordaintzen. Altxatzea beste biderik ez dago. Sevilla, Anoeta, A Coruña; lorirako hiru geraleku.

Jokalari onenak:

3.- Imanol Agirretxe: Imagol, txapela kendu eta talentua atera. Lehen zatian bi gol sartu zituen, aurrelari onenen pareko usainarekin. Bigarren zatian hat-tricka sartzeko aukera mordoa izan zituen.

2.- Claudio Bravo: Bi gol jaso zituen eta ezin izan zuen Granadaren berdinketa saihestu. Baina ez dira bere geldiketak ahaztu behar. Berdinketa baino minutu batzuk lehenago taldea hiru aldiz salbatu zuen.

1.- Carlos Martinez: Beste maila batean dago Lodosakoa. Lehen gola bere oinetan jaio zen, eta lan eskerga egin zuen defentsan zein erasoan. Vicente del Bosqueren agendan ei dago. Broma gutxi.


No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS