domingo, 10 de marzo de 2013

ADOREA, EUROPARAKO ATE


Non geratu da etxetik kanpo puntuatzea ia miraria zen garai hura? Salbazioa Anoetako jardun onari esker lortzen ziren egunak. Eta non geratu dira Gipuzkoatik at koldar eta atea zaintzen pasatako partida horiek? Urtebete baino gutxiago pasa da Realak halako jarrera erakusten zuenetik, baina hamarkada bat pasa dela dirudi. Montanierren taldea itxura aldatu egin da, eta ausartasunez eta konfiantzaz jokatzen du, bakoitzaren gaitasunean sinistuta. Konfiantzak adorea eman dio taldeari, eta adoreak puntuak. Hiru jardunaldi daramatzate txuri-urdinek Europako postuetan. Ez hori bakarrik, Txapeldunen Liga oso gertu dutela. Europarako atea, adorea dela ikasi dute.

Horren erakusle garbia da pasa den igandean gertatutakoa. Erasoko jokoari gorazarre egin zioten Realak eta Betisek txapela kentzeko partida ikusgarrian. Berdinduta amaitu zuten, 3-3; baina talde bateko zein besteko zaleek irabazi zuten. Urte luzez gogoratuko den norgehiagoka izan zen. Ausardiak bere fruituak eman zituen. Bide beretik jo beharko lukete txuri-urdinek igande honetan ere. Etxetik kanpo aurkari gogor baten aurka jokatu arren, erasora beldur barik ateratzen denean lortzen baitu taldeak emaitza onena. Atletico Madrilek ez du Betisek atzealdean emandako erraztasunik emango; hortaz, txuri-urdinek ere sendo aritu beharko dute defentsa lanetan.

Ez da batere erronka erraza izango. Izan ere, Atletico Madrilek etxean jokatu dituen hamahiru partidak irabazi ditu. Guztiak. Gainera, Calderonen jokatutako azken bederatzietan ez du golik jaso. Courtoisek ia 800 minutu daramatza atepean zulorik utzi gabe. Reala da Madrildik esku hutsik itzuli ez den azken taldea. Liga amaitzeko gutxi falta zela, Txapeldunen Ligako leihatik at utzi zituen zuri-gorriak Velak bukaeratik gertu sartutako golak. Bana berdindu zuten, eta donostiarrek partida ikusgarria egin zuten.

Azken partidetako joera jarraituz, erizaindegira begira egon dira txuri-urdinak aste osoa; nor osatuko eta nor lesionatuko. Berriak ez dira oso pozgarriak izan. Ifran eta Chory Castro deialditik at geratu dira. Illarramendi, berriz, osatu da; oraindik hasieratik jokatzeko moduan egongo den jakitea zaila den arren. Mutrikuarraren ekarpena garrantzi bizikoa da taldearentzat. Betisen aurka Zurutuza eta Markel ondo aritu ziren arren, Illarra faltan bota zen arnasa eta trantsizioa behar zen uneetan. Jokatzeko moduan badago, eta erasoan dauden hutsuneak ikusita; ez litzateke batere harrigarria izango hirurek hasieratik jokatzea. Hartara, Prieto hegalera itzuliko litzateke, Velarekin txandakatuz.

Ausardiari muzinik egin gabe, talde orekatuago baten alde jo dezake Montanierrek. Arazo fisikoak tartean, harrobiko taldetik jokalaririk ez deitzea eta deialdia lehen taldekoekin osatzea erabaki du teknikariak. Hala, zortzi atzelari eta lau aurrelari daude bakarrik. Hori aurrelarien artean Griezmann, Vela eta Prieto sartuta; Agirretxe da bestea. Horregatik, harritzekoa litzateke lauak hasieratik aritzea eta aulkian erasoko jokalaririk ez geratzea. Lauetako batek atseden hartuko du lehen minutuetan.

Atletico Madrilek golpe latza jaso berri du, Europako Ligatik kanporatuta geratuta. Hala eta guztiz ere, Ligan azeleragailua zapalduta jarraitzen du. Bigarren postuan dago, eta ia ziurtzat jotzen dute hurrengo urtean Txapeldunen Ligan ariko direla. Baikortasun mezuak biderkatu egin dira Diego Simeone entrenatzailea denetik. Madrildarren heroia bihurtu da, eta zuzendaritzak 2017ra arte luzatu dio kontratua. Harrigarria entrenatzaile bati buruz hizketan ari garenean. Argentinarrak bere odol beroa eta grina pasa die bere jokalariei. Orain dela urtebeteko eta oraingo jokalariek desberdinak dirudite. Konfiantza horren lekuko da gaur egun hirugarren postura begira egon beharrean lehenengo begira egotea. Ez diote beldurrik Real Madrili, eta gozatzen ari dira sailkapenean haien aurretik egonda. Bartzelonaren bolada txarrak amets egiteko beta eman die gainera.

Hamaikakoa osatzeko garaian, aldaketa bat edo beste egin beharko du Simeonek. Mario Suarezek ia guztia jokatu du orain arte, baina txartel pilaketa medio, Gabiri utzi beharko dio lekua. Aspaldiko partez, Oliver Torres harrobiko harribitxia ere deitu du. Etorkizun handiko jokalaria da, oraindik apur bat berde dagoen arren. Atletico Madrilen arriskua nondik etor daitekeen azaltzeko garaian, ezinbestean errepikatu behar dira betiko izenak. Falcao golaren sinonimo da, eta ondoan Arda Turan bezalako jokalariak dituenean, zer esan. Partida gogorra izango da atzelari txuri-urdinentzat. Carlos Martinezek, esaterako, erasoan bezain besteko lana egin beharko du atzealdean. Ezingo du Anoetan bezain beste igo; madrildarrek ezkerretik min handia egiten baitute. Zelai erdiko indarra eta defentsako sendotasuna ere azpimarratu beharreko dohainak dira.

Horrek, baina, ez luke txuri-urdinen jokatzeko modua aldatu behar. Derbian argi geratu zen nola jokatzen duen Realak hobekien. Lehen zatian, errespetu gehiegi izan zion aurkariari, eta etxekoen oldarraldiak ahal bezain hobekien gelditu zituzten; gol bat jasoz. Hala saiatuz gero, sufritu egingo dute txuri-urdinek. Bigarren zatian, berriz, joko alai eta erasokorra erakutsi zuen, Chory Castro, Vela eta enparauen barnealdiekin. Horrela jokatuta, gal edo irabaz daiteke; baina aukerak izango dira eta sufritzen duena aurkaria izango da.

Partida guztiak ez dira Betisen aurkakoa bezala izango. Bihotza ez ezik, burua ere beharrezkoa da. Baina burua erabiltzeak, bakoitzaren dohainak nabarmentzea esan nahi du ere. Europarako lehian dagoen talde batek ezin du bere jokoa aurkariarenarengana moldatu; bere indar guneak baliatu behar ditu baizik. Horregatik, erabili behar du Realak adorea Europara egin nahi duen bidai hontan.

Deialdiak:

Atletico Madril: Courois, Asenjo; Juanfran, Miranda, Filipe, Insua, Godin, Cata Diaz; Gabi, Koke, Adrian, Raul Garcia, Arda Turan, Cristian Rodriguez, Oliver; Thomas, Falcao eta Diego Costa.

Reala: Bravo, Zubikarai; Carlos Martinez, Estrada, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, Ansotegi, Cadamuro, De la Bella, Jose Angel; Illarramendi, Markel, Zurutuza, Pardo; Prieto, Vela, Griezmann eta Agirretxe.



No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS