lunes, 13 de mayo de 2013

ASTELEHEN BEREZIA

Gogaikarriak dira astelehenak, luzeak eta ilunak. Asteburua amaitu eta bospasei lanegun falta dira gogoratzen dute iratzargailuko txirrinak gupidagabe jotzen duenean. Astelehenak ez dira futbolean jokatzeko jaio, baina Espainiako Ligako buruzagien aginduz, astelehenetan futbolean jokatzen da, baita ostiraletan ere. Eguna luzatzeko, 22:00etan, telebistako prime-time-ean. Pasa den asteko astelehena are gehiago ilundu zuen Realaren partida grisak, Getaferen aurka galduta. Aurreko astekoa astelehen beltz bat soilik izan zela erakutsi nahi dute gaur txuri-urdinek, Granada mendean hartuta (22:00, Gipuzkoa Sport). Astearteetan ere eguzkia ateratzen da mendebaldetik. Pauso bat atzera, indar gehiagorekin egiteko aurrera.

Berri on batekin joan ziren ohera txuri-urdinak igandean. Denboraldi onak dagoeneko badu saria, Reala Europan izango da hurrengo urtean. Baina saria are handiago izan daiteke, Txapeldunen Ligarako sailka baitaiteke taldea. Horretarako, irabaztera behartua dago, Valentziaren hatsa garondoan senti baitezakete txuri-urdinek. Valentziak aise menderatu zuen Rayo, eta txuri-urdinei aurre hartu die. Granadari irabazita, laugarren postura itzuliko dira donostiarrak, bi puntuko aldearekin. Andaluziarren aurka jokatu ondoren, Sevillara bidaiatuko dute txuri-urdinek, Real Madril hartu eta Deportivoren etxean amaitu sasoia. Horietako bi partida irabazi eta bat berdintzea ezinbesteko izan daiteke.

Getaferen aurkako porrotak, lehena hamabost partidan, zalantzez josi du jendea. Hainbeste arraun egin eta gero, helburua hain gertu dagoela, Txapeldunen Ligarik gabe geratzeko beldur dira zaleak. Porrotak lehenago edo beranduago iritsi behar zuen. Ulertzekoa da. Minik ez jasotzea da orain kontua. Partida kaskarra jokatu zuten txuri-urdinek, eta merezimendu osoz galdu. Illarramendiren eta Prietoren falta gehiegi sumatu zen. Euskarria ez da garaiz osatu, eta deialditik kanpo geratu da. Kapitaina, berriz, hasierako hamaikakoan izango da.

Aldaketa bakarra egingo du Montanierrek pasa den asteleheneko taldearekin alderatuta. Pardo gaztea ordezkoen aulkira itzuliko da, eta Zurutuzak metro batzuk atzerago jokatuko du, Prietori punta erdiko lekua utzita. Gainontzeko jokalariak aurreko asteko berberak izango dira. Illarramendiren hutsunea handia da, baina hamaikako bera behin baino gehiagotan zelairatu du teknikariak, emaitza onak jasota. Jokalariak ez dira bakarrik egongo, eguna eta ordua egokienak ez diren arren, harmailaren bultza izango baitute. 20.000 zaletik gora espero dira jokalariak hauspotzeko. Jokalarien autobusari ere harrera berezia egingo zaie, Europara eraman gaituzten heroiei merezi duten agurra emateko.

Lehen minututik garaipenaren bila aterako da Reala. Valentziaren partida salbu, lehen zatian erabaki ditu Anoetako azken norgehiagokak Montanierren taldeak. Presioa goran eta abiadura erasoan, bi-hiru gol sartu dituzte lehen 45 minutuetan, arerioen balizko susperraldia itzalita. Eta lehen zatian nagusitzea lortzen ez dutenean, Valentziaren aurka bezala gertatzen da; markagailuari buelta eman eta gol festa bigarren zatirako utzi. Zaleek gol ugari ospatzeko ohitura hartu dute. Ez dadila festa eten. Amarako bizilagun bat baino gehiago esnatuko du Realaren gola ospatzeko botako diren suziriek.

Zelai gaineko gudurako txuri-urdinen armak ezagunak dira. Sendotasuna eta seriotasuna defentsan, lan ona eta jarrera zelai erdian eta abiadura, magia eta eraginkortasuna erasoan. Aurkariek badakite nola jokatuko duen Reala, baina donostiarrak gelditzea ez da erraza. Atzean itxiko da Granada ziurrenik, kontraerasoan min egiten saiatzen. Berdinketa emaitza ona da andaluziarrentzat, hurrengo jardunaldian etxean irabazita are hobeago bihurtu baitaiteke.

Granada atzean ixten bada, ezinbestekoa izango da jokoa hegaletara irekitzea eta Carlos Martinez eta Alberto De la Bella erasoan agertzea. Velak eta Griezmannek hegaleko atzelarien aldakak apurtzea lortzen ez badute, beste biek jarriko dituzte erdiraketak; Xabi Prietok lerroen artean marraz ditzakeen paseak ere garrantzitsuak izango dira. Illarramendiren sosegua eta buru hotza nabarituko dira, ziur, baina ez Getaferen aurka bezain beste. Zurutuzak emango dio behar bezalako sosegua, eta Granada itxita badago, azkar pasako da baloia zelai erditik, beti ere txuri-urdinen oinetan.

Dena dela, gaurkoaz harago, arazoak ekar ditzake txartel horiak ikusteak. Sei jokalari arriskuan daude, eta txartel horia ikusita, ezingo dute hurrengo jardunaldian jokatu. Datozen partidetako aurkarien maila ikusita, beldur pixka bat ematen du. Carlos Martinez, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez eta Jon Ansotegi atzelariek, Pardok eta Velak kontu handiz ibili behar dute. Horietako batek baino gehiagok txartel horia ikusiz gero, komeriak izango ditu Montanierrek hamaikakoa aukeratzeko. Txartela bakarrak ikusten badu, gaitzerdi, baina hiru edo lauk ikusten badute, orduan etorriko dira arazoak; batez ere bi atzelarik ikusiz gero.

Ametsak esku artean eztanda ez egiteko, ezinbestekoa da Granadaren aurkako garaipena. Andaluziarrak jaitsiera postuetako lehian murgilduta daude. 35 punturekin, hiru ateratzen diote Deportivori. Anoetan irabazita, ia-ia salbaturik lirateke, baina, galduta, arazoetan sar daitezke. Hori dela eta, guztia ematera aterako dira Anoetan. Konfiantza betez iritsiko dira, gainera, ez baitute partidarik galdu azken hiru jardunaldietan. Malaga garaitu zuten aurreko astean, eta aurretik Espanyoli, etxetik kanpo; Valladoliden aurka berdindu zuten lehenago. Hori hala, sailkapenaren zuloan egonik ere, arriskutsuak direla atzeman daiteke.

Hori bai, Realak bezala, jokalari bat baino gehiago dute min hartuta. Ighalo aurrelariak, azken jardunaldietako heroiak, ezingo du taldea Anoetan salbatu, pubisean arazo fisikoak baititu. Fran Ricok, Dani Benitezek eta Hassan Yebdak min hartuta jarraitzen dute. Halere, oso jokalari arriskutsuak ditu Granadak, neguko merkatuan hainbat fitxaketa on egin baitzituen; hala nola: Recio eta Buonanotte Malagatik eta Nolito Benficatik. Siquiera, Mikel Rico, Brahimi eta El Arabirekin batera kontuan hartzeko taldea da. Gogoratu Realak ezin izan zuela Granadari irabazi joaneko partidan.

Astelehena da bai, baina berezia. Realak jokatzen baitu. Lanean edo lan bila daudenek burua beste leku batean izango dute goizean zein arratsaldean. Beharrean daudenak ez dira etxetik pasako lana amaitzean, ogitartekoa hartu eta Anoetara joko dute, bi astez behin fede txuri-urdinak agindutako erromesaldian. Europa lortu da, amets egin dezagun orain izarrez beteriko doinuekin.

Deialadiak:

Reala: Bravo, Zubikarai; Carlos Martinez, Estrada, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, Cadamuro, Jose Angel, De la Bella; Markel, Pardo, Zurutuza; Xabi Prieto, Griezmann, Agirretxe, Chory Castro, Vela eta Ifran.

Granada: Toño, Roberto; Nyom, Juanma Ortiz, Siqueira, Bryan Angulo, Diakhate, Mainz, Iñigo Lopez; Mikel Rico, Iriney, Recio, Lucena, Torje, Brahimi, Nolito, Buonanotte; El Arabi eta Aranda.


No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS