martes, 7 de mayo de 2013

ASTELEHENEKO AJEAK

Gerta zitekeen, eta gertatu da. Urtarriletik partidarik galdu gabe egon ondoren, Realk 2-1 galdu zuen Getaferen etxean, aspaldiko norgehiagoka okerrena jokatuta. Irabazten hasi arren, bi hutsegite garesti ordaindu eta desagertu egin ziren gipuzkoarrak. Argia itzali eta egoera iraultzeko ezintasuna izan zuten; merezita galdu zuten. Lau partida falta direnean, bi puntuko aldea ateratzen diote Valentziari. Altxatzeko eta beldurra gainetik astintzeko garaia da, asteleheneko ajeak errepika ez daitezen.

Valentziak larunbatean Osasunaren aurka lortutako garaipenaren ondoren, irabaztera behartuta zeuden txuri-urdinak. Bi puntuko tartea gutxitxo izan daiteke, ligako une erabakigarrienean garaipenak garesti saltzen baitira. Konfiantzaz gainezka eta zaleen bultzadarekin ekin zion partidari Realak. Argi zegoen Illarramendiren eta Xabi Prietoren hutsunea garrantzitsua izango zela, nabarituko zela, baina ordezkoen maila ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula, izan ere Zurutuza eta Pardo ez dira nolanahiko bi jokalari. Olatuaren aparrean zaudenean, guztia ateratzen da ongi; denek dirudite on; hutsegite batek konfiantza harresia urratu arte.

Chory Castro aulkian utzi eta Pardo zelairatzea erabaki zuen Montanierrek. Uruguaiarrak Valentziaren aurka egundoko partida egin arren, zelai erdia sendotzeko erabakia hartu zuen teknikariak, lehia hortik irabaztea garrantzitsua zatekeelakoan. Apustua ongi atera zitzaion hasieran frantziarrari. Realak segituan hartu zuen baloiaren jabetza, eta konturatzeko aurretik ziren txuri-urdinak. Griezmannek pase ona eman zion Zurutuzari, hark ezkerraldetik eraman zuen baloia eta eskuin oinaren kanpoaldearekin erdiratu zuen; Velak, buruz, maisuki errematatu zuen (4. min). Partida hasiera besterik ez, eta zailena eginda, markagailuan aurretik jartzea.

Une horretan beste gau zoriontsu bat zetorrela zirudien; une gozoan dagoen talde baten garaipen pozgarria. Realak zuen baloiaren jabetza, Pardok abileziaz zabaltzen zuen jokoa hegaletara; Vela nahieran zebilen atzelarien artean eta bigarren gola gertu izan zuen. Baina ordu laurden iraun zuen grinak. Harik eta Reala opariak egiten hasi zen arte. 17. minutuan Realaren area ertzena lapurtu berri zuen baloia atzera bidali zuen Markelek, bi erdiko atzelarien artera. Egin behar ez diren pase horietakoa zen, baina une gozoan zaudenean, pase horik ere ongi ateratzen ei dira... Pedro Leonek oparia baliatu eta banakoa sartu zuen guztien etsipenerako.

Jokaldi isolatu batean etorri zen berdinketa, baina jota geratu zen Reala. Ordura arte zangoak fresko zituztenen mugimendua trinkotu egin zen. Defentsa eta erasoaren arteko aldea gero eta luzeagoa zen eta erdilariak desagertu egin ziren. Baloiaren jabetza izatetik, haren atzetik korri egitera pasa ziren. Lehen ordu laurdenean ezer ere egin ondoren, izarrak ziruditen etxekoek; izar iheskorrak, beti urrun zeudelako. Itxura txarra hartu zuen norgehiagokak. Markel eta Pardo erabat galduta zeuden, Zurutuza bere lekua aurkitu ezinik, erasoko jokalariak zorterik gabe eta atzealdea urduri samar. Abisuak ematen hasi zen Getafe, urruneko jaurtiketekin. Reala jokaldi isolatuetan iritsi zen etxekoen areara.

Lehenengo golean bezala, hutsegite baten ondorioz etorri zen Getaferen bigarrena. Lafita bi jokalariren artetik sartu zen ezkerraldetik, eta haren jaurtiketa ezin izan zuen ondo urrundu Bravok. Aldaratzea sareetara bidali zuen Barradak (38. min). Kezka ageri zen txuri-urdinen aurpegian.

Bigarren zati onak egin ohi ditu Montanierren taldeak. Esna eta gogotsu atera ohi da, baina 23:00k aldera esna eta gogotsu ateratzeak zaila izan behar du. Gau txarrak egoten dira, eta halakoxea zen Coliseumekoa. Lehen zatian baino askoz okerrago jokatu zuen Realak. Noraezean zebilen, norgehiagoka noiz bukatuko edo jokaldi isolaturen batean berdinketa noiz iritsiko erreguka. Getafek abantaila handitzeko aukera bat baino gehiago izan zituen, baina Bravo seguru aritu zen.

Faltan bota ziren Illarramendiren sosegua eta Xabi Prietoren odol hotza. Osasunaren aurka gertatu bezala, zelai erdian galdu zuen norgehiagoka Realak (gorritxoen aurka berdinketan amaitu zen). Aldaketekin taldea itxuraldatzen saiatu zen Montanier. Chory Castro, Ifran eta Estrada sartu ziren hurrenez hurren, Pardo, Zurutuza eta Carlos Martinezen ordez. Lehena saiatu zen batez ere, ezker hegaletik.

Partidaren hondarrean esnatu zen Reala, beranduegi. 80. minututik aurrera, erasora lotsagabe atera zen, berdinketaren bila. Chory Castrok ezker hegaletik erdiraketa bikaina jarri zuen, baina Vela eta Agirretxe gutxigatik ez ziren ailegatu. Geroago, Agirretxek baloi bikaia jarri zion Griezmanni, baina frantziarraren bolea langa gainetik atera zen. Undiano Mallencok amaiera adierazi aurretik 3-1ekoa izan zuen Lafitak, baina kanpora bidali zuen bakar-bakarrik zegoenean.

Gauzak hala, hamabost partidako bolada eten zuen Realak. Golpe latza jaso zuen erabakigarria izan daitekeen unean. Valentziaren hatsa gertu sentitzen dute txuri-urdinek, baina atzetik nabaritzen dute oraindik. 12 puntu daude jokoan eta bi puntuko tartea dauka. Txuri-urdinek ez dute egutegi makala: Granada, Sevilla, Real Madril eta Deportivo; baina Valentziarena ere ez da errazagoa: Rayo, Getafe, Granada eta Sevilla. Zaila izango du norgehiagoka guztiak irabaztea. Inork ez zuen esan erraza izango zenik.

Jokalari onenak:

3.- Carlos Vela: Halako partidetan zaila izaten da baten bat nabarmentzea, baina mexikarrak bere hamalaugarren gola lortu zuen, buruz maisuki errematatuta. Getaferen berdinketaren aurretik bigarren gola eskura izan zuen. Bigarren zatian ez zuen berdinketa oso urruti eduki.

2.- Chory Castro: Griezmannen itzalpean konformatzea egokitu zaio uruguaiarrari, baina zelai gainean dagoen bakoitzean bere maila erakusten du. Ezker hegaletik taldea suspertzen saiatu zen.

1.- Antoine Griezmann: Valentziaren aurka txartel zikloa bete ondoren hamaikakora itzuli zen, eta ongi hasi zuen partida, goleko jokaldia hasita. Itzali egin zen gero, taldekideak bezala. Griezmann onena behar du taldeak azken txanparako.


No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS